Hiru orduko lanuztea egingo dute Patzuergoko Haurreskoletan
Hiru orduko lanuztea egingo dute bihar, martitzena, Haurreskolak Patzuergoko beharginek, 11:00etatik 14:00etara. Dauzkaten lan baldintzak eta horrek umeengan duen eragina kaleratu nahi dituzte. Eusko Jaurlaritzak 2010eko uztailaren 5eko Aurrekontuen ...
Hiru orduko lanuztea egingo dute bihar, martitzena, Haurreskolak Patzuergoko beharginek, 11:00etatik 14:00etara. Dauzkaten lan baldintzak eta horrek umeengan duen eragina kaleratu nahi dituzte.
Eusko Jaurlaritzak 2010eko uztailaren 5eko Aurrekontuen Legearen aldaketa onartzearen ondorioz, gastu publikoa murrizteko aplikatutako neurrien artean beharginen soldaten jaitsiera eta Haurreskolak Patzuergoarentzat aurreikusita zegoen aurrekontua murriztea erabaki zuten. Neurri horiek beharginen baldintzetan zein haurren ongizate eta heziketa eskubidean eragina dutela diote beharginek. «Hezitzaile gutxi daude hainbeste haurrentzako, ordezkapenak egun batzuk beranduago betetzen dira edo bete barik geratzen dira, materiala erosteko diru gutxiago dago, eta jarduerak prestatzeko, koordinazio lanak egiteko eta gurasoekin berba egiteko denbora gutxiago dago», azaldu dute.
Lanuzteak egingo diren arren, haurreskola bakoitzeko gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte. Horrela, haurreskola guztien irekiera eta zerbitzua bermatua egongo da ohiko ordutegian.
Lea-Artibain Patzuergoko zazpi haurreskola daude: Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian, Ispasterren, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan; Busturialdean, berriz, zortzi: Bermeon, Busturian, Ean, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Ibarrangelun, Mundakan eta Muxikan; eta Mutrikun be badago haurreskola.