Ibaibasoko behin behineko zerrenda osatuta gelditu da
Domekan egin dute Gizaburuagako herri kandidaturan joango diren bost lagunen izenak erabakitzeko bozketa
Ibaibaso herri kandidatura osatuko duten herritarren izenak aukeratu dituzte gizaburutarrek asteburuan. Aukeratutako lehen bostek kandidatura onartzen duten edo ez esan arte, zerrenda ez da ofiziala izango.
Bozkatzeko ahalmena zuten 165 lagunetik 118 izan ziren domekan eskubide hori gauzatu zutenak. Bozka gehien jaso dituzten herritarrak ondokoak dira: Jose Luis Azpiazu (79 bozka), Oier Okamika (73 bozka), Juan Miguel Arostegi (44 bozka), Oibar Egia (44 bozka) eta Nerea Urrutibeaskoa (30 bozka). Behin behineko zerrenda 18 urtetik gorako herritar guztien artetik osatu dute. Herritar bakoitzak, gehienez, lau hautagai izendatu zitzakeen. «Bost lagun horiei kandidatura onartzen duten galdetzen zaie lehenik. Onartuz gero, zerrenda ofizialera doaz zuzenean. Bestela, bozka gehien jasotako hurrengoei egiten zaie eskaintza», azaldu dute Udaletik. Behin behineko zerrendan dauden hurrengoak hauek dira: Amaia Zabala (22 bozka), Luis Mari Anakabe (16 bozka), Unai Artetxe eta Luis Maria Leniz (12 bozka) eta Jesus Mari Arriaga (10 bozka).
Behin zerrenda ofiziala zeintzuk osatuko duten erabakitakoan, arduren banaketa erabakiko dute. «Bozka gehien jasotzen duenak ez dauka zertan gero alkatea izan. Hori udal osaketarako euren artean hartzen duten erabakia izaten da».