Txomin Agirre 28ko etxeen erosleek «indefentsioan» daudela salatu dute
Administrazioarekiko Auzitegiaren epaiak obra ilegala izan dela ebatzi ostean inork ez die azalpenik emon. Txomin Agirre kaleko 28. zenbakiko eraikineko zortzi etxebizitzetatik zazpi salduta daude. Zazpi erosleek salatu dutenez «indefentsio egoeran eta nora jo jakin barik» daude. Izan be, hil honetan emon du jakitera Bizkaiko Administrazioarekiko Auzitegiak etxebizitza horiek eraikitzeko 2007an Ondarroako Udalak emondako baimena ilegala dela, eta baimen hura baliogabetu egin du bere epaiagaz. «Hori, prentsaren bidez jakin dugu, eta inork be ez digu argitu zehatz-mehatz zer gertatuko den orain etxe horiekin», esan dute kaltetutako herritarrek. Udal Kudeaketa Batzordeari galdetuta, ez dute zehaztu epai horren aurkako helegiterik ipiniko duten ala ez. «Etxeak egingo direla diote» «Jendeak igoal pentsatuko du gu, beste barik, egonean eta zain gaudela, baina ez da horrela: behin eta barriro jo dugu, bai eraikuntzaren finantzazioa daroan bankura, eta bai Urresti eraikuntza enpresaren administrari konkurtsalarengana, eta beti esaten digute gauza bera, lasai egoteko, ze etxe horiek egingo direla», esan dute zazpi familia erosleen ordezkariek. «Baina, denbora aurrera doa; orain epai horren barri jakin dugu, eta oso kezkatuta gaude, hor erdian, ezer be egin ezinda», gehitu dute. Etxeen erosketa egin zutenean inork be ez zituen ohartu eraikuntza horren auzibidearen gainean. «Orduan jakin izan bagenu horrelako gorabehera legalak zeudela [...]
Administrazioarekiko Auzitegiaren epaiak obra ilegala izan dela ebatzi ostean inork ez die azalpenik emon.
Txomin Agirre kaleko 28. zenbakiko eraikineko zortzi etxebizitzetatik zazpi salduta daude. Zazpi erosleek salatu dutenez «indefentsio egoeran eta nora jo jakin barik» daude. Izan be, hil honetan emon du jakitera Bizkaiko Administrazioarekiko Auzitegiak etxebizitza horiek eraikitzeko 2007an Ondarroako Udalak emondako baimena ilegala dela, eta baimen hura baliogabetu egin du bere epaiagaz.
«Hori, prentsaren bidez jakin dugu, eta inork be ez digu argitu zehatz-mehatz zer gertatuko den orain etxe horiekin», esan dute kaltetutako herritarrek.
Udal Kudeaketa Batzordeari galdetuta, ez dute zehaztu epai horren aurkako helegiterik ipiniko duten ala ez.
«Etxeak egingo direla diote»
«Jendeak igoal pentsatuko du gu, beste barik, egonean eta zain gaudela, baina ez da horrela: behin eta barriro jo dugu, bai eraikuntzaren finantzazioa daroan bankura, eta bai Urresti eraikuntza enpresaren administrari konkurtsalarengana, eta beti esaten digute gauza bera, lasai egoteko, ze etxe horiek egingo direla», esan dute zazpi familia erosleen ordezkariek. «Baina, denbora aurrera doa; orain epai horren barri jakin dugu, eta oso kezkatuta gaude, hor erdian, ezer be egin ezinda», gehitu dute.
Etxeen erosketa egin zutenean inork be ez zituen ohartu eraikuntza horren auzibidearen gainean. «Orduan jakin izan bagenu horrelako gorabehera legalak zeudela tartean, ez ginen erostera sartuko», esan dute. Zazpi erosleetatik seik zuzenean Urresti eraikitzaileari egin zioten erosketa, eta zazpigarrenak, aurretik erosketan sartu baina gero laga zuen partikular bati.
Diruaren %25, aurreratuta
Zazpi erosleek etxebizitza erosteko sarrera daukate ordainduta; pisu bakoitzaren balioaren %25, hain zuzen be. «Pisu txikienaren kasuan bost milioi pezeta izan ziren, eta handienaren kasuan, 10 milioitik gora», zehaztu dute. «Batzuen kasuan, gainera, diru hori aurreratzeko, hipoteka mailegua eskatu behar izan genuen, nahiz gero kantzelatu behar izan, eta orain hor gaude, dirua ordainduta, baina etxebizitzarik edo diru itzulketarik edukiko ote dugun ezelako ziurtasunik barik».
Alkartuta dabiltza zazpi kaltetuak, konponbide bila: «Orain arte ondo ustean sinistu egin izan dugu esan digutena; baina gure kezka gero eta larriagoa da».
Kontuak nori eskatu ez dago argi
Epai bat dago mahai gainean. Udal baimen ilegalagaz eraiki zen Txomin Agirre 28ko etxea. Eraikuntzaren %70 inguru ei dago eginda. Zortzi etxetik zazpi, salduta. Zazpi kaltetu, ordainketaren %25 eginda daukatenak.
Hori gitxi balitz, enpresa eraikitzaileak, Urrestik, porrot egoera deklaratu zuen eta administratzaile judizialaren esku dago lagatako zorrak kitatzea. Eta baimen hura eman zuen udal korporazioa… joan zen.
TXOMIN AGIRRE 28ko ETXEEN AUZIAREN KRONOLOGIA
- 2006ko urriaren 9a. Txomin Agirre kaleko 28an eta alboko orubean eraikuntzak egiteko Xehetasun Azterlana onartu zuen Ondarroako Udalak.
- 2007. Maite Garcia Velasco Txomin Agirre kaleko bizilagun eta arkitektoak auzitara eroan zuen Xehetasun Azterlana, «Alde Zaharraren hirigintza garapenerako tresna PERI edo plan berezia delako udal planeamenduko arauen arabera».
- 2007ko urte hasiera. Udalak jabego publikoko bere orubearen zati bat (Pixapeko plazaren 42 metro koadro) banandu ondoren, enkantean saldu zion Urresti 2001 SL enpresari. Ordurako, eraikuntza enpresa horixe zen Txomin Agirre 28ko orubearen jabe.
- 2007ko maiatzaren 27a. Udal hauteskundeak. Ondarroako Udala egoera ez-ohikoan geratu zen: boto gehienak jaso zituen hautagaitza (EAE-ANV) legez kanpo ezarri baizuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ordura arte agintean zegoen EAJ bigarren bozkatuena izan zen.
- 2007ko ekainaren 7a. Udal gobernua eta alkatea bera funtziotan zirela (handik astebetera izendatu behar zen udalbatza berria), Txomin Agirre 28an zortzi etxebizitza eraikitzeko udal baimena eman zion Udalak Urresti 2001 SLri.
- 2007aren barruan. Obrak hasi ziren.
- 2008ko ekainaren 13a. Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Txomin Agirre 28 inguruko Xehetasun Azterlana «ez delako ordenazio tresna egokia». Obra lizentzia juridikoki kolokan geratu zen.
- 2008ko uztailaren 16a. Maite Garcia Velascok, aurreko epai hori kontuan hartuta, obretarako udal baimenaren kontrako administrazioarekiko auzi errekurtsoa ipini zuen.
- 2008ko ekaineko epaiaren ostean. Obragaz aurrera jarraitu zuten Txomin Agirre 28an.
- 2008ko uztaila. Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Bereziari (PERI) hasierako onarpena eman zion Udal Kudeaketa Batzordeak, eta alegazioak aurkezteko hiru hileko epea ireki. 1.300 alegazio aurkeztu ziren; horietatik 248 aipatzen ari garen gune horri buruzkoak ziren.
- 2008ko irailaren 30a. Administrazioarekiko auzietako 3. zenbakiko epaitegiak eten egin zuen Ondarroako Udalak 2007an aipatu orubeetan zortzi etxebizitza eraikitzeko emandako baimena, «badaezpadako neurri» modura.
- 2008ko azaroa. Epaileak obra gelditzeko agindua eman zuen, badaezpadako neurri modura, obretarako baimenaren gaineko sententzia atera arte.
- Jarraian. Promociones Urresti enpresak eta Ondarroako Udalak apelazioa ipini zuten behin-behineko obrak eteteko agindua desegokitzat jota; eta etetze hori mantentzekotan «eragiten ari zen galeragatik» 350.000 euroko kauzio edo abala ipintzeko eskatuz.
- 2009ko otsailaren 17a. Apelazio helegitea zati batean aintzat hartu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Auzibide Administratiboen Salak. Auziko salatzaileak (Maite Garciak), 175.000 euroko kauzioa ordaindu ezean, obra behin-behinean eteteko agindua bertan behera lagako zuten.
- Ondoren. «Partikular batentzako ezinezko kopurua» zela eta, ez zen 175.000 euroko kauzioa edo bermea ordaindu.
- 2009ko martxoaren 31. Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak behin betiko onarpena eman zion Alde Zaharreko Plan Bereziari (PERI). Pixapeko bizilagunek Txomin Agirre 28az eta Pixapeko plazari buruz ipinitako 248 alegazioak atzera bota zituzten.
- 2009ko maiatzaren 7a. Alde Zaharra Birgaitzeko Plana (PERI) argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.
- 2009ko maiatzaren 11. Berriz ere martxan hasi ziren obran, Txomin Agirre 28ko etxebizitzak egiten.
- Gerora. Krisia tarteko, obra hori eta beste guztiak gelditu egin zituen Urresti eraikuntza enpresak. Gaur egun higiezinen enpresa horren eraikuntza atala administratzaile konkurtsalaren esku dago, kiebra egoeran.
- 2011ko martxoa. Txomin Agirre kaleko 28an etxeak eraikitzeko baimena baliogabetu egin du Bizkaiko Administrazioarekiko Auzitegiak, baimen ilegala izan zela esanez.
- 2007-2011. Txomin Agirre 28 eraikin barriko zortzi etxebizitzak salmentan eduki ditu Urresti eraikuntza etxeak, eta gerora enpresaren administrazio konkurtsalaren arduradunak. Zortzi etxebizitzatik zazpi daude salduta. Erosleek pisu bakoitzaren balioaren %25a ordainduta daukate aurrerapen modura, eta kasu batzuetan hipoteka eskatu dute horretarako.