Notariotzari lotutako gaiak azalduko ditu Andres Urrutiak
Euskaltzainburua notarioa izan da ofizioz Lea-Artibain urte luzeetan, eta alor horren inguko herritarren kezkei erantzungo die; hitzordua bariku iluntzean jarri dute
Aulestiarrek Andres Urrutiaren bisita edukiko dute barikuan. Euskaltzainburuak notariotza kontuak argitzea du helburua; Horretarako, Ezkontzaren eta herentziaren legeak Aulestin izenburua duen berbaldia eskainiko du.
Berbaldia barikuan, 19:00etan, udal areto nagusian, izango da, eta San Blas Nagusien Elkartearen eta Urzabal Guraso Elkartearen artean antolatu dute.
Ekimenagaz, notaritzaren inguruko gai zehatzei buruz herritarrek dituzten kezkak argitzea lortu nahi dute. Izan be, euskaltzainburua izateaz gain, Urrutia ofizioz notarioa izan zen, eta Ondarroan egon zen lanean zenbait urtez. Hori dela eta, Lea-Artibai eskualdeagaz lotura estua dauka, bereziki, herri txikiekin. «Duela pare bat urte Amoroton egin zuten antzerako berbaldia. Orduan ere Urrutia zen hizlaria. Eta handik jasotako ideia izan da», azaldu dute guraso elkartetik. «Herritarrek argitu nahi zituzten gaiak eta Amoroton landutakoak batu eta horren araberako gai ordena prestatu dugu berbaldirako».
Hiru izango dira Urrutiak landuko dituen gai nagusiak: testamentuak eta herentziak, andra-gizonen arteko ondasunak eta baserriaren transmisioa. «Eskutitzez egin genuen lehen harremana beragaz, eta hasieratik etortzeko gogoz agertu zen. Eskertzekoa da bertaratzeko orduan agertu duen jarrera».