Markinaldeko frontea ezagutzeko ibilaldia, asteburuan
Aurten, 75 urte betetzen dira indar faxistak Markinaldean sartu zirenetik. Hori dela eta, gai horren harira, hainbat ekimen antolatzen dabil Garaian elkartea. Oraingoan, Ahaztuen Oroimena elkarteagaz batera, Markinako frontea ezagutzeko ibilaldia antol...
Aurten, 75 urte betetzen dira indar faxistak Markinaldean sartu zirenetik. Hori dela eta, gai horren harira, hainbat ekimen antolatzen dabil Garaian elkartea. Oraingoan, Ahaztuen Oroimena elkarteagaz batera, Markinako frontea ezagutzeko ibilaldia antolatu dute.
Ibilaldiak zati bi izango ditu. Alde batetik, Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek berton egon zen fronteari buruzko zehaztasunak emongo dituzte, eta bestetik ibilaldia bera egingo da.
Ibilaldiari buruzko azalpenak bihar, barikua emongo dituzte, Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek, 20:00etan, Uhagon kulturgunean. Frontea nondik nora egon zen eta bertan gertatutakoa argituko dute.
Ibilaldia
Fronteari buruzko azalpenak entzunda, ibilaldirako prest egongo dira joan nahi dutenak. Ibilaldia bera, domekan egingo da, 08:00etan Markina-Xemeingo Arkupetik irtenda.
Autoetan joango da frontea egon zen lekuetara, eta beraz, bakoitzak bere autoa ekarri behar duela jakitera emon dute antolatzaileek. Gero, autoak betetzen saiatuko dira, ahal den auto gutxien eroateko.
Ibilaldia Usartzatik hasiko da, eta gutxi gora-behera ordu eta erdikoa izango da. Aldapa batzuk be egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Halanda be, mundu guztiak egiteko moduko ibilaldia izango dela azpimarratu dute.