Moda desfilea dago zapatuan, Marierrotaren eskutik
Ekainaren 23tik 26ra United World Games izeneko nazioarteko txapelketa jokatuko da Austriako Klagenfurt herrian. Bertan amaituko dute aurtengo denboraldia Marierrota Boleibol taldekoek, eta bidaiaren gastuei aurre egiteko moda desfilea antolatu dute zapaturako. Desfilea 20:00etan hasiko da eta, oraingoan, kirolariak modelo bihurtu, eta R. M. Azkue Ikastolako frontoiko pasarela gainera igoko dira, herriko hamabost dendatako arropak eta osagarriak erakusteko. Desfilea ordu eta erdikoa izango da eta tartean eskolako eta ikastolako umeen play back ikuskizunak egongo dira. Moda desfilea ikusteaz gainera, zer edo zer hartzeko aukera be egongo da, taberna jarriko dute-eta horretarako. Bidaia Bizkaiko eta Euskadiko Eskolarteko txapelketak eta kluben artekoa irabazita, denboraldiari amaiera berezia emon nahi dio Marierrota Boleibol Taldeak. Kirola egitea guztiz garrantzitsua eta aberasgarria dela uste badute be, kirolaren bitartez eduki al diren beste bizipenei eta esperientziei be garrantzia emon nahi diete; beste herrialde batzuk eta hizkuntza ezberdinak dituzten pertsonak ezagutzea eta etxetik kanpo egoteak dituen ardurak eta konpromisoak hartzea, besteak beste. Hori dela eta erabaki dute Austriako txapelketara joatea. Ekainaren 22an irtengo dira, eta egun oso bat autobusean egin eta gero, 23an ailegatuko dira Klagenfurtera. Hilaren 23tik 26ra txapelketa jokatuko dute, beste hainbat herrialdetako kirolariekin batera eta, ondoren, etxerantz bueltatuko dira. Buelta zatika egingo dute. Venezian (Italia) [...]
Ekainaren 23tik 26ra United World Games izeneko nazioarteko txapelketa jokatuko da Austriako Klagenfurt herrian. Bertan amaituko dute aurtengo denboraldia Marierrota Boleibol taldekoek, eta bidaiaren gastuei aurre egiteko moda desfilea antolatu dute zapaturako.
Desfilea 20:00etan hasiko da eta, oraingoan, kirolariak modelo bihurtu, eta R. M. Azkue Ikastolako frontoiko pasarela gainera igoko dira, herriko hamabost dendatako arropak eta osagarriak erakusteko. Desfilea ordu eta erdikoa izango da eta tartean eskolako eta ikastolako umeen play back ikuskizunak egongo dira.
Moda desfilea ikusteaz gainera, zer edo zer hartzeko aukera be egongo da, taberna jarriko dute-eta horretarako.
Bidaia
Bizkaiko eta Euskadiko Eskolarteko txapelketak eta kluben artekoa irabazita, denboraldiari amaiera berezia emon nahi dio Marierrota Boleibol Taldeak. Kirola egitea guztiz garrantzitsua eta aberasgarria dela uste badute be, kirolaren bitartez eduki al diren beste bizipenei eta esperientziei be garrantzia emon nahi diete; beste herrialde batzuk eta hizkuntza ezberdinak dituzten pertsonak ezagutzea eta etxetik kanpo egoteak dituen ardurak eta konpromisoak hartzea, besteak beste. Hori dela eta erabaki dute Austriako txapelketara joatea.
Ekainaren 22an irtengo dira, eta egun oso bat autobusean egin eta gero, 23an ailegatuko dira Klagenfurtera. Hilaren 23tik 26ra txapelketa jokatuko dute, beste hainbat herrialdetako kirolariekin batera eta, ondoren, etxerantz bueltatuko dira.
Buelta zatika egingo dute. Venezian (Italia) bi egun pasatuko dituzte eta beste bi Montpelierren (Frantzia). 30ean ailegatuko dira etxera.
Bost talde eroango dituzte: hiru gaztetxoenak eta bi gazteenak; danetara 45 jokalari eta zortzi arduradun doaz.