Joan den barikuan hasi zen XX. Plazatik Gaztetxera txapelketa, Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean jokatu zen kanporaketagaz. 100 entzule inguru batu ziren, eta giro itzela piztu zen han egon ziren guztien artean. Gorka Ostolaza Potxis bertsolaria izan zen saioaren aurkezle, eta bizitasuna eta saltsa jarri zizkion bertso saioari. Bertsolariak be ondo hasi ziren. Zortziko nagusian pareko ibili ziren, baina, zortziko txikiko ariketan Nerea Ibarzabal markinarra egon zen koska bat gorago. Kopletan bertsoen mailak behera egin zuen; halandabe, umorez betetako bertsoak bota zituzten, saioari bizitasuna emonez. Azken urteetan egin den moduan, entzuleek bertsolari gustukoena bozkatu ahal izan zuen. Epaileek Peio Ormazabali eman zizkioten puntu gehien eta ikusleek Julen Sololuzeri. Bitxia izan zen epaileek gutxien puntuatu zuten bertsolaria ikusleek gehien bozkatu zutena izatea. Botatako hiruna bertsotan Ormazabal nagusitu zen eta, ondorioz, uztailaren 1ean Mutrikun jokatuko den finalerako txartela lortu zuen. Besteek puntuazioen zain egon beharko dute, kanporaketetatik zuzenean sailkatuko diren sei bertsolariz gain puntuazio altuena lortu duten biak be finalean egongo direlako. Amaitzeko, Gazte Asanbladako kideek oparia banatu zieten bertsolariei: gazta, irasagarra, intxaurrak eta gaztetxeko aldizkaria urretx makila batean lotuta. Ibarzabal Plazatik Gaztetxerako hitzordua pasatuta, beste saio garrantzitsu bat izango du datorren zapatuan Nerea Ibarzabal markinarrak: Agurainen jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. [...]
Andoni Aretxabaleta pilotari markinarrak Karmen Jaietan debutatuko du Asergacegaz. Halantxerik jakitera emon du pilota enpresak bere web orriaren bitartez. Debuta uztailaren 17an izango dela aurreratu dute.
Ekainaren 23tik 26ra United World Games izeneko nazioarteko txapelketa jokatuko da Austriako Klagenfurt herrian. Bertan amaituko dute aurtengo denboraldia Marierrota Boleibol taldekoek, eta bidaiaren gastuei aurre egiteko moda desfilea antolatu dute zapaturako. Desfilea 20:00etan hasiko da eta, oraingoan, kirolariak modelo bihurtu, eta R. M. Azkue Ikastolako frontoiko pasarela gainera igoko dira, herriko hamabost dendatako arropak eta osagarriak erakusteko. Desfilea ordu eta erdikoa izango da eta tartean eskolako eta ikastolako umeen play back ikuskizunak egongo dira. Moda desfilea ikusteaz gainera, zer edo zer hartzeko aukera be egongo da, taberna jarriko dute-eta horretarako. Bidaia Bizkaiko eta Euskadiko Eskolarteko txapelketak eta kluben artekoa irabazita, denboraldiari amaiera berezia emon nahi dio Marierrota Boleibol Taldeak. Kirola egitea guztiz garrantzitsua eta aberasgarria dela uste badute be, kirolaren bitartez eduki al diren beste bizipenei eta esperientziei be garrantzia emon nahi diete; beste herrialde batzuk eta hizkuntza ezberdinak dituzten pertsonak ezagutzea eta etxetik kanpo egoteak dituen ardurak eta konpromisoak hartzea, besteak beste. Hori dela eta erabaki dute Austriako txapelketara joatea. Ekainaren 22an irtengo dira, eta egun oso bat autobusean egin eta gero, 23an ailegatuko dira Klagenfurtera. Hilaren 23tik 26ra txapelketa jokatuko dute, beste hainbat herrialdetako kirolariekin batera eta, ondoren, etxerantz bueltatuko dira. Buelta zatika egingo dute. Venezian (Italia) [...]