Klaudio Antxia ‘Australia’ omenduko dute zapatuan
Mugarrien bideari jarraituta, Bizkaiari buelta emon zion Klaudio Antxiak orain dela 50 urte. 70 urte lepoan, buelta hori emon zuen lehenengoa izan zen Australia ezizenez ezagutzen zen ibiltaria. Ekainaren 4an irten zuen, eta 18an amaitu. Ekimen hori gogoan, omenaldia egingo diote zapatuan Artibai Mendigoizale Taldeak, Bizkaiko Mendizale Federazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Klaudio Antxia ibiltari handia izanik, mendi irteeragaz hasiko da ekitaldia. 09:00etan, autobusa hartuko dute geltokian, Isuara joateko. Usartzatik hasiko da ibilaldia. Max-Kalamuara igoko dira 10:30ean, eta gero, Arrixatik Etxebarriara jaitsi, eta bide gorritik egingo dute buelta Markina-Xemeinera. 13:00etan, ekitaldia egongo da udaletxean. Ibilbidea erraza izango da, eta mendizale guztiez gainera, batez be, Klaudio Antxiagaz ibilitakoak gonbidatu ditu mendigoizale taldeak ekimenera. Lehenengoa Bizkaiari buelta emoten lehenengoa izanik, berak egindako ibilbidea GR 123- Bizkaiko Bira moduan homologatu zuen federazioak. Hamalau etapa behar izan zituen berak, aspaldiko asmoa zuena egi bihurtzeko. Goiz triste batean irten zen Saturrarandik, motxila lepoan eta makila luzea eskuan zuela. Kalamuraino Agustin Arrate eta Jose Maria Pagegi izan zituen lagun, baina, handik aurrera, bere txakur Arin izan zuen laguntzaile bakarra. Elgetaraino ailegatu zen lehenengo egunean, euripean bederatzi ordu eta erdi egin eta gero. Bigarren etapan, barriz, Arrazolara heldu zen, eta hirugarrenean Otxandiora. Arrabarako ibilbidea egin zuen laugarren [...]
Mugarrien bideari jarraituta, Bizkaiari buelta emon zion Klaudio Antxiak orain dela 50 urte. 70 urte lepoan, buelta hori emon zuen lehenengoa izan zen Australia ezizenez ezagutzen zen ibiltaria. Ekainaren 4an irten zuen, eta 18an amaitu. Ekimen hori gogoan, omenaldia egingo diote zapatuan Artibai Mendigoizale Taldeak, Bizkaiko Mendizale Federazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Klaudio Antxia ibiltari handia izanik, mendi irteeragaz hasiko da ekitaldia. 09:00etan, autobusa hartuko dute geltokian, Isuara joateko. Usartzatik hasiko da ibilaldia. Max-Kalamuara igoko dira 10:30ean, eta gero, Arrixatik Etxebarriara jaitsi, eta bide gorritik egingo dute buelta Markina-Xemeinera. 13:00etan, ekitaldia egongo da udaletxean.
Ibilbidea erraza izango da, eta mendizale guztiez gainera, batez be, Klaudio Antxiagaz ibilitakoak gonbidatu ditu mendigoizale taldeak ekimenera.
Lehenengoa
Bizkaiari buelta emoten lehenengoa izanik, berak egindako ibilbidea GR 123- Bizkaiko Bira moduan homologatu zuen federazioak. Hamalau etapa behar izan zituen berak, aspaldiko asmoa zuena egi bihurtzeko.
Goiz triste batean irten zen Saturrarandik, motxila lepoan eta makila luzea eskuan zuela. Kalamuraino Agustin Arrate eta Jose Maria Pagegi izan zituen lagun, baina, handik aurrera, bere txakur Arin izan zuen laguntzaile bakarra.
Elgetaraino ailegatu zen lehenengo egunean, euripean bederatzi ordu eta erdi egin eta gero. Bigarren etapan, barriz, Arrazolara heldu zen, eta hirugarrenean Otxandiora. Arrabarako ibilbidea egin zuen laugarren egunean, eta bosgarrenean, txartela Gorbeiako kurutzean utzi ondoren, Itxinan zehar Orozkorantz egin zuen. Areta, Laudio, Amurrio, Urduña, Balmaseda, Karrantza, Artzentales, Sopuerta, Somorrostro, Zierbana, Santurtzi, Armintza, Bakio, Bermeo, Sukarrieta, Ibarrangelu, Ea, Ispaster, Lekeitio eta Ondarroatik pasatu zen, barriro be Saturraranera ailegatzeko.
Bidaia gehiago
Bizkaiari Bira, baina, ez zen izan Australiaren ekintza gogoangarri bakarra. Artibai Mendigoizale Taldeko bazkideak Gipuzkoari buelta osoa emon zion hurrengo urtean. Horretarako be hamalau egun behar izan zituen eta Bizkaikoan egin zuen moduan, probintziako mendi guztietara igo zen.
Handik zazpi urtera, beste bost mendizalez lagunduta, Markina-Xemeindik Bilborainoko ibilbidea egin zuen, mendiz mendi, hamabi ordutan. Distantziagaz gainera, kontuan izatekoa da mendizaleek zeukaten adina: Mario Goikoetxeak 56 urte, Jose Maria Zubialgak 60 urte, Jose Reyk 64 urte, Jose Astarloak 65 urte, Pedro Leturiondok 68 urte eta Klaudio Antxiak 77 urte.
Antxiaren asmoa penintsulari buelta emotea zen, baina ez zuen egitasmo horretarako lagunik lortu.