Xabat Lertxundiren musika Ubedako Naziorteko jaialdiko finalean sartu da
'Heriotzagaz jolasean' fil laburrerako egindako musikagatik izendatua izan da Jerry Goldsmith sariketarako berriatuarra
Bost dira, benetako ekintza duten film laburren mailan, Jerry Goldsmith sariketako finalera sartu diren konpositoreak. Eta horien artean dago Xabat Lertxundi (1983, Berriatua).
Heriotzagaz jolasean filmerako egindako musika da, hain zuzen be, Ubedan (Espainia) egiten den Zinemarako Musikaren Nazioarteko Jaialdiko ateak zabaldu dizkiona. Eta jaialdi horren baitan banatzen dira, zinemarako konpositore handienetako baten izena daramaten sariak. Irabazleen izenak, uztailaren 22an, jaialdian bertan, emongo dituzte jakitera.
Lertxundigaz batera ondokoak dira kategori berean dauden finalistak: Enrica Sciandrone Big Ben beharrerako musikagatik (Erresuma Batua); Joseba Beristain, Gartzela (Azkotia, Euskal Herria); Ehud Freedman, The Man who Knew How to Fly (EEBB) eta John Koutselinis The Rocket Boy (Erresuma Batua).
Ordenagailua eta instrumentuak
Paul Urkijo arabarrak zuzendu du Xabat Lertxundik musikatutako film laburra. Bertan kontatzen den istorioa ondoko da: adineko gizonezko batek heriotzaren bisita jasotzen du. Baina agureak heriotzaren beharra zaila eta istripuz betea izatea eragingo du.
Istorio horri musika jartzeko orduan ordenagailua erabili du gehinbatean berriatuarrak: «Konsposiziorako zein grabaketarako ordenagailuaz eta samplerrez baliatu naiz. Orkesta sinfoniko oso bat eta koro baten atal bat itxuratzen saiatu naiz», azaldu du Lertxundik jaialdirako egindako adierazpenetan.
Salbuespen bakarra Azken hatsa izena duen piezan eskaini du. Pieza hori biolin bakar batez interpretatua dago. «Nika Bitchiashvili biolinjoleak gorpuztu du. Horretaz gain, nik neuk be ukituren bat emon diot biolinagaz, txistuagaz eta perkusiozko zenbait instrumenturekin».