Kirmen Uribe izendatu du Bilboko Jai Batzordeak Aste Nagusiaren pregoilari
2011ko Aste Nagusiak badauka pregoilaria. Jai Batzordeak Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) idazlea izendatu du ardura horretarako, 1995az geroztik, euskal literaturan egin duen ekarpenagatik. Idazle ondarrutarrak herenegun gauean jaso zuen proposamena, Med...
2011ko Aste Nagusiak badauka pregoilaria. Jai Batzordeak Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) idazlea izendatu du ardura horretarako, 1995az geroztik, euskal literaturan egin duen ekarpenagatik.
Idazle ondarrutarrak herenegun gauean jaso zuen proposamena, Medellingo 21. Nazioarteko Poesia Jaialditik (Kolonbia) ailegatu barri. Konpartsakoek deitu zioten. «Pozik nago. Ohorea handia da niretzat izendapena, batez be, konpartsengandik datorrelako. Herriak aukeratzen duen kargua da, eta hori da niretzako saririk onena», zioen, atzo.
Bilboko Aste Nagusian asko ibilitakoa da Uribe, eta ibiltzen dena. «Arenalera txikitatik joan izan naiz, txosnetara. Jaietan bertan pasatzen nituen egunak, izekoren etxean».
Pregoia, baikorra
Abuztuaren 20an emongo du pregoia Uribek. Hitzordua arratsalderako dauka eginda, 19:00ak aldera, Arriaga plazan. Ordurako pregoia barneratuta edukiko duela aitortu du. «Ondarroatik entrenatuta joango nahiz», esan du, barrezka. Eta idatziko duen pregoia baikorra izango dela be argi dauka, Euskal Herrian oraintxe momentuan bizi den egoera itxaropentsuari lotutakoa. «Ia danon artean egiten dugun».