Eten barik ikastea da unibertsitate bolibartarraren izateko arrazoia
Atzo aurkeztu eta martxan jarri zituzten jakintza librea sustatzeko asmoagaz Ikasketa Bolibartarren Elkarteak prestatutako ikastaroak
Jakintza etengabea eta librea. Horiek dira atzo, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, aurkeztutako Udako Unibertsitate Bolibartarraren bi zutabeak. «Aurten bost eguneko ikastaroa da eskainiko dena, baina gure erronka unibertsitate sendoa egituratzea da», adierazi zuen Ikasketa Bolibartarren Elkarteko zuzendari Joxemari Unzuetak. «Kultura zabaldu nahi dugu mundura, geure hizkuntza erabiliz».
Historia, komunikazioa eta teknologia barriak eta zuzenbidea dira hilaren 22ra arteko saioetan eskainiko dituztenak. «Simon Bolibarrek berak esana da bizitza etengabeko ikasbide bat dela», gogorarazi zuen Simon Bolibar museoko zuzendari Ana Arriagak. «Berak hala egin zuen, hezkuntza bizitzako euskarria zela sinisten baitzuen. Gainera, besteak beste, eskolak eta atzerrian ikasteko bekak sortu zituen eta hezkuntzaren aldeko dekretuak igorri. Uste dut ilusio handiz ikusiko zuela ikastaro hau bere arbasoen jaioterrian».
Etengabeko jakintza sustatzeaz gain, jakintza hori partekatu eta taldean lan egiteko beharra ere nabarmendu nahi izan du ikastaroen sustatzaile eta teknologi barrien gaietan irakasle Gorka Palaciosek. «Taldean behar egitea beharrezkoa da. Bakoitzak dakien apurra ipiniz gero, guztiok aberasteko bidea egiten ari gara. Eta gaur egun ia edonora, ia edonorengana heltzeko bide egokiena daukagu: sarea».
Historiari lotua
Simon Bolibarren erroak Ziortza-Bolibarri lotuta egotea izan da udako ikastaroa bertan kokatzearen arrazoia; baita Ikasketa Bolibartarren Elkarteak «hezkuntza desentralizatzeko» duen nahia be.
Jose Azpiazu alkateak herria historiari hertsiki lotua dagoela azpimarratu nahi izan du. «Historiaren ondorio bizia da Ziortza-Bolibar. Boluen ibarra, errotarrien soinuari lotutakoa».
Bolibar mundu guztaik zehar zabaldutako izena dela beazpimarratu zuen, eta bertora bueltatuta, Ikasketa Bolibartarren Elkarteak martxan jarritako ikastaroa «udalak egiten duen herriaren sustapen kultural-turistikoaren» baitan kokatu zuen. Izan be, Udalak ekimena aurrera eroateko beharrezko laguntza eskaini du. Udalaz gain,Bizkaiko Foru Aldundiak ere parte hartu du.
Aparteko bi gonbidatu
Udako unibertsitate Bolibartarraren (UUB) aurkezpen ekitaldian bi gonbidatu berezi izan dira: Venezuelak Bilbon duen kontsul Yolanda Rojas eta Iñaki Perurena harrijasotzailea.
Rojasek UUB bezalako ekimenen bidez, doktrina bolibartarra ezagutzeko erakusten den arduragatik harro sentitzen dela adierazi zuen, eta haren irudia eta pentsamendua zabaltzeko egiten den lana goraipatu nahi izan zuen. «Venezuela be bere historia berridazten ari da neoliberalismoak urte askoan ezkutatu nahi izan duen doktrina bolibartarra erabiliz», gaineratu zuen. «Zenbat eta gehiago ezagutu, gehiago ikaten da, eta are gehiago miretsi».
Perurenak bere aldetik, «gurasoengandik jasotako kulturarekin hazitako euskaldunen izaera» aitatu zuen. «Euskal izaera horrek hemen iraun egin du. Baina hori da nire gaurko kezka. Nola iraunarazi aurrerantzean? Euskal nortasuna galtzen bada, burujabetza zertarako?», izan zen Perurenak planteatutako hausnarketa. «Nortasuna muina balitz eta burujabetza bizkahezurra, istripu baten aurrean zeinek edukiko luke garrantzi gehien? Biak sano mantentzea komeni. Udako Unibertsitate Bolibartarra bezalako ekimenek horretarako balio duten heinean ongietorriak izan daitezela».