Igotzera dator Mutriku FT
XVII. Rubio Memoriala etxean geratu zen zapatu arratsaldean. Mutriku FTk joko ona erakutsi zuen San Miguel zelaian. Tolosa eduki zuen aurrez aurre, ohorez ko mailako taldea. Ander Prietok eta Yeremi Maderak zulatu zuten tolosarren atea lehenik. Bigarren zatian, estu ipini zen norgehiagoka, eta Tolosak berdinketa lortu zuen. Indarrak parekatuta, 3-2 amaitu zen partidua, Unai Azkarateren gol bati esker. Orain, ligan erabat sartuta, Lagun Onaken aurka jokatuko du Mutrikuk, Azpeitian. Domekan izango da partidua, 18:00etan. Mutrikuarrak Lehentasunezko mailan ariko dira, iaz bezala. Joan den denboraldian igoeratik pauso batera geratuta, helburua argia izango da aurten: mailaz igotzea. 21 fitxa dituzte eginda, ondo begiratuta denak. Ez dute nahi izan fitxatu fitxatzeagatik, eta konforme daude dagoen taldeagaz. Beteranoak eta gazteak elkartuta, taldea orekatuta dago. Harrobiarekin egiten den lana ere agerian dago. Nagusien taldea herrikoagoa ezin da izan: guztiak dira mutrikuarrak. Denboraldi berriari begirada botata, aurkari gogorragoak topatuko dituzte zelaian, mailaz jaitsi berri den Zumaiako tartean. Aurkariak aurkari, eta iazko denboraldia kontuan hartuta, eskura egon beharko luke igoerak. Taldea indartu egin da horretarako. Entrenatzaile berria Talde goleatzailea dauka Mutrikuk, eta aurkariaren atea zulatzea baino ondo defendatzea da hobetu beharrekoa, atzea gogortzea, hobeto ibiltzeko. Aulkia aldaketekin dator. Josu Guinea eibartarra izango da entrenatzailea. Laneko kontuak bitarteko, [...]
XVII. Rubio Memoriala etxean geratu zen zapatu arratsaldean. Mutriku FTk joko ona erakutsi zuen San Miguel zelaian. Tolosa eduki zuen aurrez aurre, ohorez ko mailako taldea. Ander Prietok eta Yeremi Maderak zulatu zuten tolosarren atea lehenik. Bigarren zatian, estu ipini zen norgehiagoka, eta Tolosak berdinketa lortu zuen. Indarrak parekatuta, 3-2 amaitu zen partidua, Unai Azkarateren gol bati esker.
Orain, ligan erabat sartuta, Lagun Onaken aurka jokatuko du Mutrikuk, Azpeitian. Domekan izango da partidua, 18:00etan.
Mutrikuarrak Lehentasunezko mailan ariko dira, iaz bezala. Joan den denboraldian igoeratik pauso batera geratuta, helburua argia izango da aurten: mailaz igotzea. 21 fitxa dituzte eginda, ondo begiratuta denak. Ez dute nahi izan fitxatu fitxatzeagatik, eta konforme daude dagoen taldeagaz. Beteranoak eta gazteak elkartuta, taldea orekatuta dago.
Harrobiarekin egiten den lana ere agerian dago. Nagusien taldea herrikoagoa ezin da izan: guztiak dira mutrikuarrak.
Denboraldi berriari begirada botata, aurkari gogorragoak topatuko dituzte zelaian, mailaz jaitsi berri den Zumaiako tartean. Aurkariak aurkari, eta iazko denboraldia kontuan hartuta, eskura egon beharko luke igoerak. Taldea indartu egin da horretarako.
Entrenatzaile berria
Talde goleatzailea dauka Mutrikuk, eta aurkariaren atea zulatzea baino ondo defendatzea da hobetu beharrekoa, atzea gogortzea, hobeto ibiltzeko.
Aulkia aldaketekin dator. Josu Guinea eibartarra izango da entrenatzailea. Laneko kontuak bitarteko, Tubal Etxaburuk utzi egin behar izan zuen taldearen ardura. Klubeko arduradunek hori jakinda, Josu Guinea fitxatu zuten. Elgoibarren futbol jokalaria izandakoa, lehenengo aldia da talde bat entrenatuko duela. Jokatzeko asmoa zuen hasieran Guineak, baina eskaintzaren aurrean, botak utzi eta entrenatzera etortzea nahiago izan du. Gotzon Flores izango du laguntzailea, klubeko gizona. Atezainen prestatzailea, nagusiena zein gainerako taldeena, Aitor Ibaibarriaga izango da, esperientzia handikoa hori ere.
Mutilekin jarraituta, gazteak (Burumendi), kadeteak eta txikiak batuko dira taldean.
Harrobia, goraka
Iaz mailaz jaikita, aurten Lehen mailan jokatuko dute gazteek, eta dagoen taldea kontuan hartuta, ondo ibiltzeko asmoz hasiko dute denboraldia. Lasaia iragartzen dute liga. Arce atezaina kenduta, elgoibartarra da, gainerako jokalari guztiak mutrikuarrak izango dira. Igor Elezgarai Txaparro izango dute entrenatzailea, iazko nagusien bigarren atezaina. Entrenatzaile titulua atera berri, ilusioz dago. Helburua jokalariak egitea izanda, seriotasunez jokatzea baino ez zaie eskatuko.
Bigarren mailan neurtuko dituzte indarrak kadeteek. Taldea nahiko justu dago: hamasei mutil baino ez daude oraintxe momentuan. Horren aurrean, deialdia egin du Mutriku FTk: 15-16 urteko bat edo bat balego futbolean jokatu nahiko lukeena, San Migueleko taldera joatea baino ez dauka. Zabal hartuko dute. Eibarrek zazpi mutil kendu dizkio azkan hiru urtean, eta hori askotxo da Mutriku moduko herri batentzat. Joseba Beitia ondarrutarra da entrenatzailea, Sanseko jokalaria. Aritz San Martin izango du aldamenean.
Txikien mailan ume piloa dauka Mutriku FTk. Aspalditik daude fitxa guztiak beteta, 25.
Txikien, kadeteen eta nagusien mailetan ariko dira neskak.
Lurraldeko emakumeen mailan jokatuko dute nagusiek, Jon Naberan ondarrutarraren zuzendaritzapean. Muga ekonomikoak tarteko, goiko postuetan ibiltzea izango da taldearen helburua. Lehiakorrak izatea bilatuko dute. Azpimaila bitan banatuta jokatuko dute aurten lurraldekoen mailan. Oraingo asteburuan ez, hurrengoan hasiko dute liga.
Gero, alebinen eta benjaminen partiduak egongo dira, mutilenak zein neskenak. Izugarrizko harrobia dago Mutrikun, zale piloa, eta horretan eragin zuzena eduki du zelai artifizialak. Berdegune berria inauguratu zenetik hona, askoz jende gehiago animatzen da futbolean jokatzera, umeak eta gurasoak. «Jendea dator gogoagaz», esan dute klubeko arduradunek, pozik.
Mutriku FTk 75.000 euroko gastua izango du denboraldian. Zuzendaritza Batzordean zazpi lagun daude, Gregorio Madera presidente dela. 450 dira bazkideak.