Elementuak begibistara
Simon Bolibar museoan Mikel Lertxundiren erakusketa ikusteko aukera dago hilaren 24ra bitartean
Harria, egurra eta burdina. Ura, sua eta haizea. Horiek dira Mikel Lertxundik erabili ohi dituen hiru materialak, eta horiek barneratzen dituen hiru elementuak. Eta guztiaren gainetik, gauza beraren bilaketa dago beti: orekaren bilaketa. Hori da esentzian Simon Bolibar museoko erakusketako piezek gordetzen dutena. Pieza bakoitzak baina, bere izaera, izatea eta arima daukate, eta ikusleari dagokio haiek sentitu, interpretatu eta barneratzea. Mikel Lertxundi eskultore berriatuarraren obrak Simon Bolibar museora heldu izana urteurren bati eskertu behar zaio: Bolibar askatzailearen jaiotzaren urteurrena da, hain zuzen be. Uztailaren 24an, jaiotegunagaz bateginez, ireki zuten erakusketa, eta hilaren 24a bitartean bisitatu ahal izango da. Erakusketa sei eskulturek osatzen dute eta Lertxundiren marrazkiak be gehitzen ditu. Interesa dutenek, ondoko ordutegian topatuko dituzte zabalik erakusketako ateak: astelehentik barikura 10:00etatik 13:00etara eta zapatu, domeka eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.