San Pedro-Zelaia gunean 98 etxebizitza eraikitzeko proiektua aurrera doa
Uztailaren amaieran Zelaia-San pedro sektorearen garapenereko zatikako plana argitaratu zen aldizkari ofizialean. Plan partizala onartu arren, bide luzea osatu beharko du herritarren artean polemika sortu duen proiektuak
Jaurlaritzaren onespena jaso ostean, Diputazioaren eskuetan dago San Pedro-Zelaia inguruan 98 etxebizitza egiteko proiektua. Uztailaren 27an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean zatikako plana argitaratu zuten, arau subsidiarioen garapenerako derrigorrezko lehen pausua. Jesus Anakabe alkateak lehentasun artean dauka Zelaia inguruko proiektuaren nondik norakoak argitzea. Izan be, egoera ekonomikoa tarteko, proiektua geldiro doa: sustatzaile eta jabeen arteko tratua luzatzen ari da. «98 etxebizitza horietatik 30 publikoak izango dira, baina babestuak ala tasatuak izango diren erabakitzeke dago. Horiek eraikitzeko lurra eskuratzea da guk lortu nahi duguna, eta horretan ari gara». Etxebizitzak bi sektoretan banatuta eraikiko dituzte, Jaurlaritzak hala aginduta. Etxebizitza babestuak bieraikinetan banatuta daude, eta bakoitza sektore baten baitan egongo da. «Azkenean bata bestearen parean gelditzen dira». 98 etxebizitzak egiteko aukeratutako lurrak Karraspiora jeisten den errepidearen alde bietara daude; Leagi dorrerako bidearen inguruetan. Guztira, 48.700 metro karratu erabiliko dituzte eraikitzeko. «Maila guztietako jendearentzat etxebizitzak egitea izan da gure asmoa. Mendexarentzat handitze garrantzitsua suposatuko du, eta adli berean, herritarrei berton gelditzeko aukera be emoten dio». Proiektu aurrera eroan ahal izateko azken urtetan udaletxea zuzendu duen gestorak arau subsidiarioetan aldaketa puntuala egin behar izan zuen. Aldaketak behin betiko onarpena 2010eko otsailaren 10ean jaso zuen. Proiektuak polemika handia sortu zuen herrian, eta aurkeztu bezain laster ezker abertzalea proiektuaren aurka agertu zen «gehiezgizko urbanizazioa» izateaz gain, «herritarren beharrei ez erantzutea» salatuz. Gestorak, aurrera egitea erabaki zuen.