Aske dago errifekin ETAri laguntzea leporatutako gizona
2008an, Berriatuan, atxilotu zuten gizonezko bat elkartasun zozketa bateko errifak zituelako; Audientzia Nazionalak "talde terroristekin kolaborazioa" akusaziopean kondenatu egin zuen eta Gorenak askatu egin du
Gorenak atzera bota du Audientzia Nazionalak, 2008an, Berriatuan, errifekin atxilotutako gizonezkoaren inguruan hartutako erabakia. Horrela, hiru urteko kartzela, hamar hilabetean egunero bost euroko isuna eta bederatzi urteko inabilitazioa bertan behera gelditu dira, eta gizonezkoa aske gelditu da.
Gizonezkoa Berriatuan atxilotua zuen Guardia Zibilak 2008ko abuztuaren 8an. Errifa baterako 300 txartel zituen bere baitan. Errifak elkartasun zozketa batenak ziren. Guardia Zibilen txostenaren arabera, eta fiskalak aurkeztutako argudioetan, txarteletan zera adierazten zen: «Zure ekarpenarekin preso eta errefuxiatuen eskubideak eta duintasuna bermatzeko aurrerapuaso bat eman dugu. Zure eta guztion konpromisoagaz dispertsioa eta haren ondorioak gaindituko ditugu». Horretan oinarrituta «talde terroristekin kolaborazioa» leporatu zioten. Fiskalaren esanetan, errifekin lortuko zen diruagaz, ETAri laguntzea zen helburua.
Gorenak kaleratu berri duen sententzian, ostera, lotura hori ez da frogatutzat jotzen. Hori dela eta, 2010ko urrian egindako errekurtsoa onartu eta gizona aske uztea erabaki du.