Iturreta eta Santa Mañe zeru-sabaietan aitzindari
Gure Ondarea Ezagutzen programaren barruko jardunaldiak egin zituzten atzo goizean udaletxean. Luxusko hizlariak parte hartu zuten bertan, eta aretoa bete-bete egin zen eurak entzuteko. Gure Ondarea Ezagutzen programaren helburua Markina-Xemeingo ondarea ezagutzera emoteagaz gainera, balio arkitektonikoei duten balorea emon eta Iturreta eta Santa Mañe ermiten garrantzi arkeologikoa errekonozitzea izan da. Halan, helburu horretan oinarritu ziren atzoko jardunaldiko ponentziak. Iñaki Garcia Bizkaiko Arkeologi Museoko zuzendariak hartu zuen berbea lehenengo. Iturreta, una aldea vasca de hace mil años izenburupean, herrixka bat zer den azaldu zuen, Iturreta garai hartan zelakoa zen irudikatzeko. «Iturreta, beste herrixken modura, sakabanatuta dauden baserriez osatuta dago, eta bere muturretako batean dago ermita», azaldu zuen Garciak. Arkitektoak azaldu zuenez, orain dela urte batzuk indusketak egin zituzten Iturretan, eta orain dela mila urte baino gehiago zelakoa zen irudikatu daiteke. «Horma bat eta zanga batzuk aurkitu genituen, eta horren arabera dakigu gaur egunekoa baino txikiagoa zela», azaldu zuen. Elizaren alboan zegoen hilerria herrixketan, eta lurrean zuloa egin eta hildakoa sartzen zuten. Era horretara aurkitu zuten bat Iturretan. IX. mendeko hilarria be badago bertan. «Hilobi bat seinalestatzen zuen, baina gero arkua sostengatzeko erabili zuten», zehaztu zuen Garciak. Irudi astrologikoak eta pertsonaia bat be aurkitu dituzte, eta alboan testu bat dago: In nomine [...]
Gure Ondarea Ezagutzen programaren barruko jardunaldiak egin zituzten atzo goizean udaletxean. Luxusko hizlariak parte hartu zuten bertan, eta aretoa bete-bete egin zen eurak entzuteko.
Gure Ondarea Ezagutzen programaren helburua Markina-Xemeingo ondarea ezagutzera emoteagaz gainera, balio arkitektonikoei duten balorea emon eta Iturreta eta Santa Mañe ermiten garrantzi arkeologikoa errekonozitzea izan da. Halan, helburu horretan oinarritu ziren atzoko jardunaldiko ponentziak.
Iñaki Garcia Bizkaiko Arkeologi Museoko zuzendariak hartu zuen berbea lehenengo. Iturreta, una aldea vasca de hace mil años izenburupean, herrixka bat zer den azaldu zuen, Iturreta garai hartan zelakoa zen irudikatzeko.
«Iturreta, beste herrixken modura, sakabanatuta dauden baserriez osatuta dago, eta bere muturretako batean dago ermita», azaldu zuen Garciak. Arkitektoak azaldu zuenez, orain dela urte batzuk indusketak egin zituzten Iturretan, eta orain dela mila urte baino gehiago zelakoa zen irudikatu daiteke. «Horma bat eta zanga batzuk aurkitu genituen, eta horren arabera dakigu gaur egunekoa baino txikiagoa zela», azaldu zuen.
Elizaren alboan zegoen hilerria herrixketan, eta lurrean zuloa egin eta hildakoa sartzen zuten. Era horretara aurkitu zuten bat Iturretan. IX. mendeko hilarria be badago bertan. «Hilobi bat seinalestatzen zuen, baina gero arkua sostengatzeko erabili zuten», zehaztu zuen Garciak.
Irudi astrologikoak eta pertsonaia bat be aurkitu dituzte, eta alboan testu bat dago: In nomine dei Ego Quiteri Cudumeris Munio Presviter.
Gurutzi Arregi Labayru Ikastegiko etnografoak ermita eta kofradien kulturaz jardun zuen. Arregik Bizkaiko ermita guztiak bisitatu eta aztertu ditu, «2.200 kilometro koadrotan 800 ermita baino gehiago zeuden, 30 erortzeko zorian zeuden eta beste 300 desagertuta. Gaur egun 500 baino gehiago daude», azaldu zuen.
1983an etorri zen Markina-Xemeinera eta orduan bisitatu zuen Iturreta. «Auzoko ermita bat da, ermita garrantzitsua», esan zuen. Bertan, jaietatik aparte mezak emoten zirela azaldu zuen bai eta letaniak be. «Barinagako parrokiatik irten eta apaiza, lehenengo, atzetik agintariak eta azkenak auzotarrak joaten ziren prozesioan», azaldu zuen.
Gurutzi Arregik jasotako informazio eta testigantzen arabera, Iturretan kofradia zegoen eta ermitaren arkupean elkartzen ziren. «Batzarrak egiten ziren; nagusiena, kontuak egin eta basozain eta maiordomo karguak banatzeko batzarra izaten zen», zehaztu zuen.
Egurra
Iturreta, Bizkaian dauden egurrezko ermitetako bat da; beraz, egurrezko eraikinetaz aritu zen Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Alberto Santana etnografoa. Azaldu zuenez, ia beste guztia bezala, orain dela 500 urte berreraiki zen Iturretako San Kristobal. Horma guztiak berregin zituzten, baina barrua beranduago eraiki zuten. «Zeru-sabai ikaragarri bat egin zuten materiale berezia erabiliz: haritzaren egurra».
Sabaia 1530ekoa da, eta harriz egindakoen antzekoa izan nahi zuen. «Iturreta eta Santa Mañe aitzindariak izan ziren egurrezko zeru-sabaiak sortzen. Markina-Xemeinen egurrezko elizen bilduma onenetakoa dago, Iturreta, Santa Mañe, San Jazinto eta Amallo esate baterako», jakitera emon zuen Santanak.
Iturreta eta Santa Mañeko zeru-sabaiak Belgikakoen modura eginda daudela be aitatu zuen etnografoak. «Merkataritza kontuak tarteko, bertokoak asko joaten ziren Brujasera eta bertako udaletxeko saloiko egurrezko zeru-sabaia Iturretakoa bezalakoa da», argitu zuen irudiekin lagunduta.
Ermitaren estrukturaren gainean jardun zuen, azkenik, Eduardo De Felipe arkitektoak, eta jakitera emon zuenez, 45×35 tamainuko zutabeak daude San Kristobalen. «Zuhaitz handiekin egin zen, gaur egun ezagutzen ez ditugun modukoak».
Tailerra bertan obran egoten zen eta behean egin eta egurrezko estruktura guztia muntatzen joaten zirela azaldu zuen De Felipek. «San Kristobal erro karratuan oinarrituta eginda dago, beraz, ez zuen edozeinek egin, arkitektoak ikasitakoak ziren eta harotzak be ofizio handikoak».
Konpontzeko beharra
Esku-hartzeari dagokionez, aurrez egindako etxeen modura eginda dagoenez, muntatzen dena, desmuntatu be egin daitekeela adierazi zuen.
Jardunaldietako azken berba Markina-Xemeingo alkate Juanjo Txurrukarentzat izan zen.
Iturretako ermita konpontzeko asmoa aspaldikoa dela azaldu zuen alkateak, eta oraindik konponketa asko egiteko daudela zehaztu: zola barria, koruko eskailera, eta barandila esate baterako. Ermitak duen balioaren jakitun arazoari kolpe eta ermita osorik konpontzeko konpromisoak hartu behar direla aditzera eman zuen. «Ermitaren ganga eta zeru-sabaia konpondu behar dira ezer baino lehen eta Udalak diru partida batzuk izendatu behar ditu aldi batean edo batzuetan konponketak egiteko», azpimarratu zuen alkateak.