Blonda txapelketako behi eta idiskorik onenak ‘Caxilda’ eta ‘Eclat’ izan dira
Beste urte batez, Lea-Artibaiko urriko azoka nagusia ospatzeko jendez bete zen Markina-Xemein. Lantzean behin egin zituen euri-zaparradei aurre eginez ehunka pertsona batu ziren zelai eta frontoi inguruetan,eta udaletxeko atzean ipini zituzten postue...
Beste urte batez, Lea-Artibaiko urriko azoka nagusia ospatzeko jendez bete zen Markina-Xemein.
Lantzean behin egin zituen euri-zaparradei aurre eginez ehunka pertsona batu ziren zelai eta frontoi inguruetan,eta udaletxeko atzean ipini zituzten postuetan, zer edo zer erosteko edo ikusteko asmoagaz.
Abeltzainen arabera, ganadu sal-erosketa «asko» egon zen eta ortuarietan, asko saldu bazen be, baserritarrek agertu zuten legez, «nahi baino gitxiago» saldu zen.
Zelai inguruetan ipini ziren frutadun eta ortuari ekoizleen mahairik onenaren 150 euroko saria, aurten, Xemeingain baserriko Alejandro Arrietak eroan zuen.
Blonda txapelak, gipuzkoara
Euskadiko XVI. Blonda lehiaketan aurkeztu ziren 106 behi, txahal eta idiskoen artean, sari nagusiak Gipuzkoa aldera joan ziren. Horietatik gehienak, Jose Angel Zendoia Orioko Longa baserriko abeltzainarentzat izan ziren.
Sari nagusiak eroan zituzten abeltzainek ezaguna dute Markina-Xemeingo Blonda txapelketa. «Saritu hauek aspaldiko urteetan sari pila eroan dituzte markina-xemeingo urriko azoka nagusitik», azaldu zuten antolatzaileek. Danetara, hamazazpi sailetan banatuta, behienak hamalau eta idiskoenak hiru, emon ziren sariak. Tartean, Illaispe baserriko Angel Arriola markinarrak eta Goizko baserriko Itziar Uruburu muxikarrak be sariren bat edo beste be eroan zituztelarik.