Ibon Iparragirre preso politiko ondarrutarra ingresatuta geratu zen atzo, 20:00ak bueltan, Basurtoko ospitalean, biriikian infekzioa atzemanda. Medikuek injekzio bidez tratatuko dute, defentsak baxu edukita, tratamendu hori dela egokiena iritzita...
Ibon Iparragirre preso politiko ondarrutarra ingresatuta geratu zen atzo, 20:00ak bueltan, Basurtoko ospitalean, biriikian infekzioa atzemanda. Medikuek injekzio bidez tratatuko dute, defentsak baxu edukita, tratamendu hori dela egokiena iritzita. Jado pabilioian dago ingresatuta Iparragirre, preso daudenentzako prestatutako pabilioian, hain zuzen be. ”Nahikoa zurruna da, itxia da, eta han bakarrik pabilioiari dagozkion mediku eta erizainak ibiltzen dira, ez besterik. Burdinezko ate handi bat dago sarreran, eta sartzeko txirrina jo behar da”, azaldu du Angelita Burgoa Iparragirreren amak. Senideei ez zieten utzi atzo Iparragirre ikusten ertzainek, “gaurko bisiten kontua konponduko zela eta gaixo normal bat modura bisitatu ahalko zutela esanaz”. Halanda be, gaur goizean emazteak ez du eduki ikusterik. Hori horrela, Alfontso Zenon abokatua da joatekoa bisitan bazkal ostean.
Zapatuan, elkarretaratze isila Basurton
Basurton ingresatuta geratu dela jakinda, zapaturako beste ekimen bat deitu du Iparra galdu baik plataformak. Joan den zapatuan Basaurin egin legez, oraingoan Basurtoko ospitalaren aurrean egin dute herritarrek hitzordua, Iparragirreren berehalako askatasun eskatzeko. Bi orduko elkarretaratzea izango da, 12:30etik 14:30era artekoa, isila eta lelorik barikoa. Zapatuan, 12:00etatik 14:00etara, Radixu Irratian, irratsaio berezia egingo da. Eta domekan, atzo iragarri legez, giza kateak egingo dira 12:00etan, eta manifestazioa 12:30ean, Alamedatik aterata.