Jaiobarrien lapurreta kasua argitu nahian dabiltza Markina-Xemeingo familia bi
1973an Bilboko ospitale batean lapurtutako ume jaiobarrien kasua argitu nahian dabiltza Markina-Xemeingo familia bi. Telebistan ikusitako erreportaje baten ondorioz konturatu ziren euren umeak be lapurtuak izan zitezkeela. Umea hilda zegoela pentsatu dute beti. Halan esan zieten eta halan sinistu zuten. Baina, urtarrilean, frankismotik 1990eko hamarraldira ustez lapurtutako ume jaioberrien kasuak kaleratzen hasi ziren, eta kasuekin antzekotasuna nabaritu, eta ikertzen hasi ziren familiak. Hilerrira joan ziren lehenengo, dokumentuak lortu nahian. Erregistrora jo zuten gero, eta ospitalera azkenik. Kasu batean, hilerriko dokumentuak umea Bilboko ospitale batetik zetorrela zioen, baina, arraroa zen hori, umea ospitale horretan ez baitzen egon. Erregistroan be ospitale bera jasotzen zen eta, beraz, bertara joan ziren informazio bila. Dokumentuetan agertzen zen ospitalera joan zirenean, amaren sartzea ageri zen, baina ez umearena, eta horrela erakutsi zieten ordenagailuan. Agiririk eman nahi ez zietela eta, hurrengo egunean bueltatu ziren bertara abokatuaren idatziagaz, eta, orduan, amaren sartzerik ez, baina umearena zegoela esan zieten. Ginecoyatreon Lapurtutako umearen kasua argitu nahian dabiltzan Markina-Xemeingo familia bateko umea gaur egun itxita dagoen Ginecoyatreo ospitalean jaio zen. Amagaz egon zen bost orduz, baina, zaratatxo bat egin zuela eta, eta bertan inkubagailurik ez zegoenez, bihotzeko arazoak zituztenen eraikinera eroan zuten umea, aitak eta erizainak, taxi batean. Umea inkubagailuan sartu, [...]
1973an Bilboko ospitale batean lapurtutako ume jaiobarrien kasua argitu nahian dabiltza Markina-Xemeingo familia bi. Telebistan ikusitako erreportaje baten ondorioz konturatu ziren euren umeak be lapurtuak izan zitezkeela.
Umea hilda zegoela pentsatu dute beti. Halan esan zieten eta halan sinistu zuten. Baina, urtarrilean, frankismotik 1990eko hamarraldira ustez lapurtutako ume jaioberrien kasuak kaleratzen hasi ziren, eta kasuekin antzekotasuna nabaritu, eta ikertzen hasi ziren familiak.
Hilerrira joan ziren lehenengo, dokumentuak lortu nahian. Erregistrora jo zuten gero, eta ospitalera azkenik. Kasu batean, hilerriko dokumentuak umea Bilboko ospitale batetik zetorrela zioen, baina, arraroa zen hori, umea ospitale horretan ez baitzen egon. Erregistroan be ospitale bera jasotzen zen eta, beraz, bertara joan ziren informazio bila.
Dokumentuetan agertzen zen ospitalera joan zirenean, amaren sartzea ageri zen, baina ez umearena, eta horrela erakutsi zieten ordenagailuan. Agiririk eman nahi ez zietela eta, hurrengo egunean bueltatu ziren bertara abokatuaren idatziagaz, eta, orduan, amaren sartzerik ez, baina umearena zegoela esan zieten.
Ginecoyatreon
Lapurtutako umearen kasua argitu nahian dabiltzan Markina-Xemeingo familia bateko umea gaur egun itxita dagoen Ginecoyatreo ospitalean jaio zen. Amagaz egon zen bost orduz, baina, zaratatxo bat egin zuela eta, eta bertan inkubagailurik ez zegoenez, bihotzeko arazoak zituztenen eraikinera eroan zuten umea, aitak eta erizainak, taxi batean. Umea inkubagailuan sartu, eta dana ondo zegoenez, aita amarengana bidali zuten. Handik bi ordu eta erdira umea hil egin zela esanez deitu zieten. Birika batek huts egin ziola eta asfixiaz hil zela adierazi zieten, eta lur emateaz eurak egingo zirela kargu.
Ikerketetan zebiltzala, hilerrira joan zirenean, argi esan zien ehorztetxekoak lur ematea ordaindu egiten dela, «bai orain eta bai eta orduan be», baina familiak ez zuen ezer ordaindu. Ez eurak ez eta seguruak be. Beraz, «zeinek ordaindu zuen ehorzketa?», galdetzen dute.
Nahastea
Gauza arraroak asko dira. Esate baterako, erregistroko dokumentuan data desberdin bi aurkitu dituzte; bat, gainera, ehorzketa eta gerokoa. Ospitalean emandako agirian be horrelako asko dago: umea gurasoei deitu baino beranduago hil zela jartzen du, sexua be ez dago argi, medikua ez da agertzen eta mediku istorioa zortzi hilabete beranduago eginda dago. Bi dituzte, gainera; bata eskuz idatzia eta bestea makinaz, eta ez dira berdinak.
Bestalde, umea hil eta handik urte eta erdira beste ume bat eduki zuen familiak. Hura be, aurrekoa bezala, aurretik jaio zen, eta bihotzeko arazoak zituztenen eraikinera eroan zuten. «Ginecoyatreon jaio, eta bide bera egin zuen, baina bere istorio medikua ez dago ospitale horretan», diote.
Elkartea
Euren kontura ikertzen ibili ondoren, eta gauza arraroak zeudela ikusita, familiak Anadir elkartera jo zuen lehenengo, eta gero SOS Haur Lapurtuak elkartera batu dira. Elkarteen bitartez, zenbait argibide lortu dituzte. Besteak beste, lapurtutako umeetako ama baten ginekologoa izan zen Roke Arangurenek harreman handia zeukala Mercedes Erran De Grasegaz.
Familiek jakin izan dutenez, De Grasek haurdun zeuden gazteak hartzen zituen etxeak zeuzkan Bilbon, eta jenderik ez zuenean ginekologo ezagunen kliniketara jotzen zuen. «Roke Arangurenek legez kontrako adopzio asko egin zituen, eta hiru tokitan egiten zuen beharra: Maternidad, Ginecoyatreo eta Gurutzetako ospitaleetan», azaldu dute familiek.
Sarea zabala zen, familien ustez. «Mercedes De Grasek kontaktuak zituen kanpoan, Tenerifeko moja bategaz, esate baterako, eta ume asko biologiko moduan erroldatu zituzten», diote. Susmo asko dauden arren, ixiltasun ituna dagoela uste dute familiek. «Inork ez du ezer esan nahi eta ateak ixten dizkigute», azpimarratu dute.
Markina-Xemeingo familia batek jarritako salaketa aurrera doa. Ekainean deklaratu zuten, eta euren kasuan hiru dira aurkitu dituzten delituak: Ustezko erditzea, gurasotasun aldaketa eta egoera zibilaren usurpatzea.
Kasua aurrera doa momentuz, baina kasu gehienak artxibatzen dabiltzala azpimarratu dute familiek. Hori dela eta, elkarteak abokatua hartu du, eta Estrasburgora ailegatu nahi dute. Bide horretan, sinadurak batzen dabiltza eta dagoeneko orriak utzi dituzte Markina-Xemeingo Kai, Zeharka, Buztarri tabernetan eta Euro dendan.
Aste honetan bertan, Frankismotik 1990eko hamarraldira ustez lapurtutako ume jaioberrien auzia ikertzeko batzorde bat sortzeko eskatu du EAEko SOS Haur Lapurtuak elkarteak Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean. Halan, ikerketa prozesuan adopzio «guzti-guztiak» aztertzea eskatu zuen, «baita erregularrak direla diruditenak be, kasu guztiak argitu behar direlako». Ardura politikoa euren gain hartzeko eskatu zieten legebiltzarkideei.