Euskadiko Orkestra Sinfonikoa dator Markina-Xemeinera Izarbideanen eskutik
Markina-Xemeingo parrokia lehen mailako kontzertuen agertoki bihurtuko da bihar, Izarbidean elkartearen eskutik. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarte horren aldeko kontzertua eskainiko du, lehen aldiz, Markina-Xemeinen. Andres Orozko Estradaren zuzendaritzapean, jadanik erreferente bihurtu den Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Felix Mendelssohnen lanak eskainiko ditu, 20:00etan hasita. Bosgarren sinfoniagaz hasi, eta hirugarrenagaz amaituko da kontzertua. Tartean, gainera, orkestrarako estudio bi eskainiko dituzte Juan Navarro musikariak eta Sara Zufiaurrek, klarinete eta corno di basseto instrumentuekin. Helburua Kontzertuak helburu bikoitza dauka. Alde batetik, adimen urritasuna duten Markina-Xemeingo eta Etxebarriko haur, gazte eta helduak biltzen dituen Izarbidean elkarteak herritarrengandik jaso duen babesa eta laguntza eskertu nahi du. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, bere aldetik, elkartearen lana babesteaz gainera, Orkestra Herrietan programaren barruan kokatu du kontzertua. Bere musika emanaldia orkestra sinfoniko baten presentzia ohikoa ez duten herrietara eramatea helburu duen ekimenean, hain zuzen be. Taldeak 2002. urtean sortua, Izarbideanen helburu nagusia adimen urritasuna duten pertsonak gizarteratzea eta haiei aisialdirako aukerak eskaintzea da. Bide horretan, elkarteak izan duen lorpen handiena Eguneko Zentroa sortzea izan da: Topagunea. Adimen urriko haurren, gazteen eta helduen elkargune bilakatu den zentro horretan, hainbat jarduera egiten dituzte, boluntarioen laguntzagaz: besteak beste, arte-eskola, arte-terapia eta sukaldaritza ikastaroak. Topagunetik kanpora be hainbat jarduera antolatzen ditu elkarteak: ekinoterapia, txangoak… eta 2009. [...]
Markina-Xemeingo parrokia lehen mailako kontzertuen agertoki bihurtuko da bihar, Izarbidean elkartearen eskutik. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarte horren aldeko kontzertua eskainiko du, lehen aldiz, Markina-Xemeinen.
Andres Orozko Estradaren zuzendaritzapean, jadanik erreferente bihurtu den Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Felix Mendelssohnen lanak eskainiko ditu, 20:00etan hasita. Bosgarren sinfoniagaz hasi, eta hirugarrenagaz amaituko da kontzertua. Tartean, gainera, orkestrarako estudio bi eskainiko dituzte Juan Navarro musikariak eta Sara Zufiaurrek, klarinete eta corno di basseto instrumentuekin.
Helburua
Kontzertuak helburu bikoitza dauka. Alde batetik, adimen urritasuna duten Markina-Xemeingo eta Etxebarriko haur, gazte eta helduak biltzen dituen Izarbidean elkarteak herritarrengandik jaso duen babesa eta laguntza eskertu nahi du. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, bere aldetik, elkartearen lana babesteaz gainera, Orkestra Herrietan programaren barruan kokatu du kontzertua. Bere musika emanaldia orkestra sinfoniko baten presentzia ohikoa ez duten herrietara eramatea helburu duen ekimenean, hain zuzen be.
Taldeak
2002. urtean sortua, Izarbideanen helburu nagusia adimen urritasuna duten pertsonak gizarteratzea eta haiei aisialdirako aukerak eskaintzea da. Bide horretan, elkarteak izan duen lorpen handiena Eguneko Zentroa sortzea izan da: Topagunea. Adimen urriko haurren, gazteen eta helduen elkargune bilakatu den zentro horretan, hainbat jarduera egiten dituzte, boluntarioen laguntzagaz: besteak beste, arte-eskola, arte-terapia eta sukaldaritza ikastaroak. Topagunetik kanpora be hainbat jarduera antolatzen ditu elkarteak: ekinoterapia, txangoak… eta 2009. urtetik aurrera Markina-Xemeingo Urriko Azokan parte hartzen du, zentroan egindako eskulanak erakusteko eta saltzeko.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa 1982. urtean sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak sustatuta eta garatuta, «Euskadiren musika ondarea, tradizionala zein abangoardiakoa zabaltzeko» konpromisoagaz. Horri esker, Euskadiko Orkestra irmo errotuta dagoen elkartea da, 7.000 abonatu eta urtean batez beste 150.000 entzule dituena.
Talde bi horien beharrari eta lankidetzari esker, Lea-Artibai eskualdeko biztanleek aukera paregabea izango dute goi mailako kontzertu batez gozatzeko.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 eurotan, udaletxean eta herri liburutegian.