Mendexa doan bidea konponduko dute, zubi parean
Bizkaiko Aldundiak finantziatuko du obra eta Mendexako Udalak egingo ditu beharrak; zubiaren parean gelditzen den bidegurutzean ikuspena hobetzea da helburua
Isuntza zubiaren parez, Mendexara igotzeko dagoen bidea konpontzeko hitzarmena sinatu dute Bizkaiko Aldundiak eta Udalak. Aldundiak obra ordainduko du (212.000 euro), eta Udalak beharrak egingo ditu. Zehazki, BI-3438 eta BI-4449 errepideen arteko lotunean izango da obra, eta asmoa, ikuspena hobetzea da. «Ibilgailuen neurria tarteko, sarri, bi ibilgailu ezin pasata gelditzen dira zati horretan. Bietakoren batek atzera bota behar izaten du, eta arrisku uneak sortzen dira», azaldu du Jesus Anakabe alkateak. Gorako bidea, ezkerrean gelditzen den mendiko horma jatea da hartu duten erabakia. Lur hori Udalarena eta obra egin ahal izateko beharrezkoa den ekarpena egingo du. Gainera, kontratazioak egitea, proiektua idaztea eta lanak zuzentzea be Udalaren esku geldituko dira. «Bide horretan badira beste zati batzuk be konpondu beharrekoak, eta aurrerago horiei be kolpe egin nahi genieke». Obra hasi aurretik Bizkaibusagaz zer egin be erabakiko du Udalak. «Obra hasten denean, bidea zarratu egin beharko dugu. Autobusarentzako alternatiba egokiena zein den lantzen ari gara».