Erralde irekita mantentzeko ahalik eta «indar gehien» batu nahi dituzte
2012an Europako araudia zorrotz bete behar dela argudiatuta, Osasun Sailak Erralde ixteko epea abenduaren 30ean jarri du. Osasun arloko arazorik ez da inoiz egon; hiltegia antolatzeko era da ixtearen arrazoia.
Berrizko hiltegi barria egin arte Erralde irekita mantentzea. Hori da momentuan lortu nahi dutena, eta hori lortzeko «ahalik eta indar gehien» batzen saiatuko dira. Indar pilaketa egiteko orduan, erakundeetara, elkarteetara, sindikatuetara eta norbanakoengana joko dute. Erralderen etorkizuna kolokan dago. Izan ere, joan den astean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz edukitako batzarrean hiltegiari ateak ixteko eguna ezarri nahi izan zioten Jaurlaritzakoek. «Urtarrilaren 1ean Europako araudia zorrotz ezarri behar omen dute, eta hori horrela izan dadin, Erralde ixtea da euren proposamena», adierazi du EHNEko ordezkari Unzalu Salterainek. Baina osasunagaz zerikusirik ez duten arrazoiak dira hiltegia ixteko emondakoak. Europako araudiak ganadua sakrifikatzeko lineak zuzena izan behar duela ezartzen du. Erraldekoa U itxurakoa da. «Oraingo eraikinean ez dago leku fisikorik aldaketa egiteko; teknikoki ezinezkoa da», azaldu du Erraldeko lehendakari eta Aulestiko alkate Mikel Ansotegik. «Eskatzen duguna eraikin barria amaitu artean Erralde zabalik mantentzea da, besterik ez. Eta eskaera hori zuzenean Bruselan egiteko bilera bat lortu nahian gabiltza». Bruselara, Erraldeko arduradunak eta EHNEko ordezkariak ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkariak eraman nahi dituzte. «Erralde zabalik edukitzeko Osasun Sailari osasunari lotutako baldintzak zehazteko eskatuko diogu. Hori eginda, itxieraren atzerapena eskatzera etortzea lortu nahi dugu».
Hiltegi barria bidean
Hiltegi barria Berrizko lurretan eraikitzea da asmoa. Eta hura lortzeko hainbat aurrerapauso emonak dituzte. Hiru urtean Erralden daudenek egindako ahaleginen ostean, hiltegi barriaren aktibitate eta obra baimena lortuak dituzte, Erralde gorpuzten duten 15 udalerrien esku daude hiltegi barria egiteko lurrak eta finantziazioaren %40 be eskuratu dute. Eusko Jaurlaritzak jarriko du inbertsioaren zati hori. Urtea amaitu aurretik, gainontzeko dirua lortzeko ahaleginak egingo dituzte. Zentzu horretan doa gaur Bizkaiko Aldundiagaz egingo duten bilera. «Finantziazioan parte hartzeko ez ezik, euren babesa erakusteko eskatu nahi diogu Aldundiari», aitatu du Ansotegik. Bizkaiko beste udaletara zuzentzeko asmoa dutela be adierazi dute. «Bizkaian 112 udalerri gara; horietatik 15 gaude Erralden», azpimarratu du Ansotegik. «Hiltegia bizkaitarrentzat da beharrezkoa; abeltzainentzat, artzainentzat, harakinentzat, kontsumitzaileentzat… denontzat da onuragarria hiltegia bertan edukitzea. Bestelako kontuen garrantziaz jabetzen garen bezala, janariaren nondik norakoez eta haren kalitateaz be jabetu beharrean gaude». Erralden urtero ia 10.000 behi eta txahal hiltzen dituzte; Bizkaiko ganaduaren %90. Eta hasi barria den Bizkaiko Bildotsaren kanpainagaz, 5.000 bildots be sakrifikatu dituzte. Erralde da Bizkaian dagoen hiltegi bakarra. «Bizkaiak daukan arazo baten irtenbidea da Erralde. Horregatik da beharrezkoa eta horregatik guztion inplikazioa eduki beharko luke», dio Salterainek.
Abenduak 11, manifestazioa
Erraldek irekita jarraitzeko beharra aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute abenduaren 11rako. Durangon izango da: Erraldetik atara eta herriaren erdiguneraino joatea da asmoa. Deialdiari ahalik eta jende gehienak erantzutea lortu nahi dute. «2005ean be itxi zuten Erralde, eta barriro zabaltzea lortu bazen, besteak beste, herritarrengandik jasotako babesarengatik izan zen. Kalean barriro giro hori lortu nahi dugu», azpimarratu du Salterainek. «Erralde ez da bakarrik ganaduzaleen eta bertan beharrean ari direnen kontua. Erralderen itxieragaz bizkaitar denok galduko dugu».