Juvena 2011 kanpainaren arabera, iazko antxoa kopurua arrantzatu ahalko da 2012an
AZTI-Tecnaliak egin duen Juvena 2011 kanpainaren arabera, datorren urterako antxoaren stockari eusteko adina errekrutatzea lortu da. Hori esan dute gaur goizean, Donostian, AZTI-Tecnaliako zuzendari nagusi Rogelio Pozok, Ingurumeneko eta Landa eta It...
AZTI-Tecnaliak egin duen Juvena 2011 kanpainaren arabera, datorren urterako antxoaren stockari eusteko adina errekrutatzea lortu da. Hori esan dute gaur goizean, Donostian, AZTI-Tecnaliako zuzendari nagusi Rogelio Pozok, Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioaren Itsasoko idazkari nagusi Alicia Vilaurizek eta Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Elikadura Industrietako sailburuorde Jon Azkuek.
Azaldu dutenez, Bizkaiko Golkoan antxoa gazteen ugaritasuna kalkulatzea izan da kanpainaren helburu nagusia. Emaitzen arabera, 2011ko irailean 205.000 tona inguru antxoa izan dira itsasoan, udaberran jaiotakoak guztiak. Hori horrela, 2012ko antxoaren kostera edo arrantzaldiari begira, datu horiek positiboak dira. Izan be, uztailaren 1etik indarrean dagoen antxoaren TACari eustea ahalbidetuko diote Europako Batzordeari: 29.700 tona.
Biomasaren emaitzei erreparatuta, negu honetan aurreko urteetakoaren antzerako biziraupen maila gertatzen bada, 2012ko biomasa ugaltzailearen stocka Arreta Biomasaren maila baino handiagoa izateko aukera oso handia egongo da.