‘Markinako frontea’ liburua aurkeztu du Durangoko Azokan Patxi Juaristik
Bigarren Errepublika eta 36ko gerra garaiko Markinako eta Xemeingo egoera politikoa eta soziala biltzen duen liburua aurkeztu zuen atzo Patxi Juaristi soziologo markinarrak, Durangoko Azokan. Liburuaren asmoa Gerra Zibilean eta gerraondoan Markinan eta Xemeinen gertatu zena jasotzea zela esan zuen, «sufritu zuten guztien memoria bizirik gordetzeko». Patxi Juaristik azaldu zuenez, markinarrek eta xemeindarrek oso gertutik bizi izan zuten gerra. «1936ko irailetik 1937ko apirilera, guda lerroa geldirik egon zen Markina-Xemeingo lurretan, eta herritarrek eraso bortitz ugari jasan behar izan zituzten». Halanda be, isilik egoteko hitzarmen bat bezalakoa egon dela dio. «Zaharrenen artean, 36ko gerrako oroimenak oso indartsuak dira. Halanda be, agintari frankistekiko beldurrak, galtzaile izatearen lotsak, momentu mingarri guztiak bizkor ahazteko gogoak edota seme-alabei frustrazioa edo amorrua ekidin nahiak belaunaldien arteko transmisioa oztopatu du», azaldu zuen. Eta, ondorioz, gerra ostean jaiotako gutxik izan dute, bere ustez, gertatu zenaren ideia argi bat. «Nik be orain jakin dut nire amonari ilea ebaki ziotela», esan zuen. Markinako frontea liburuan jaso duena azterketa historiko bat izateaz gainera, soziologiko eta politologikoa be badela azaldu zuen Juaristik, jazoera historikoen berreraiketagaz batera, gizakien arteko harremanak eta sare politiko, sozial, erlijioso eta kulturalaren berezitasunak be aztertu dituelako. Informazio hori guztia biltzeko, 115 elkarrizketa egin ditu soziologoak biktimen eta haien [...]
Bigarren Errepublika eta 36ko gerra garaiko Markinako eta Xemeingo egoera politikoa eta soziala biltzen duen liburua aurkeztu zuen atzo Patxi Juaristi soziologo markinarrak, Durangoko Azokan. Liburuaren asmoa Gerra Zibilean eta gerraondoan Markinan eta Xemeinen gertatu zena jasotzea zela esan zuen, «sufritu zuten guztien memoria bizirik gordetzeko».
Patxi Juaristik azaldu zuenez, markinarrek eta xemeindarrek oso gertutik bizi izan zuten gerra. «1936ko irailetik 1937ko apirilera, guda lerroa geldirik egon zen Markina-Xemeingo lurretan, eta herritarrek eraso bortitz ugari jasan behar izan zituzten». Halanda be, isilik egoteko hitzarmen bat bezalakoa egon dela dio. «Zaharrenen artean, 36ko gerrako oroimenak oso indartsuak dira. Halanda be, agintari frankistekiko beldurrak, galtzaile izatearen lotsak, momentu mingarri guztiak bizkor ahazteko gogoak edota seme-alabei frustrazioa edo amorrua ekidin nahiak belaunaldien arteko transmisioa oztopatu du», azaldu zuen. Eta, ondorioz, gerra ostean jaiotako gutxik izan dute, bere ustez, gertatu zenaren ideia argi bat. «Nik be orain jakin dut nire amonari ilea ebaki ziotela», esan zuen.
Markinako frontea liburuan jaso duena azterketa historiko bat izateaz gainera, soziologiko eta politologikoa be badela azaldu zuen Juaristik, jazoera historikoen berreraiketagaz batera, gizakien arteko harremanak eta sare politiko, sozial, erlijioso eta kulturalaren berezitasunak be aztertu dituelako.
Informazio hori guztia biltzeko, 115 elkarrizketa egin ditu soziologoak biktimen eta haien ondorengoen artean, 200dik gora liburu eta artikulu aztertu ditu eta artxibategi eta garaiko egunkarietan bilatu du. «Lanean, garrantzia berezia eman diet gerrako protagonistei. Horrela, eranskinean, gerran era batera edo bestera sufritu zutenen biografiak aurkezten ditut», esan zuen. Liburuak hamabi kapitulu eta eranskina ditu, eta eranskinean, gutxi gorabehera, 800 bat biografia agertzen dira.
Soziologo markinarrak aitortu zuenez, batzuek liburua eta biktimen aldeko ekimenak beranduegi datozela esan diote, Francoren errepresioa jasan zuten ia denak hilda daudelako, baina soziologoarentzat ez da beranduegi. «Gerrak sortutako samina berreraikitzeak eta kontatzeak ez du biktimek sufritutakoa arintzen, baina bizi izan zutena ulertzen laguntzen digu besteoi, elkartasun sareak sortzen ditu belaunaldien artean eta etorkizunean saihestu behar den bidea erakusten», azpimarratu zuen.