«Mezua hunkiduraren bidez helaraztea bilatu dugu filmagaz»
Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldugarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista. Horixe da Juanjo Elordi (Markina-Xemein, 1970) zinegileak Asisko Urmenetagaz batera egin duen Gartxot filman kontatzen den istorioa. Azaroaren 18an estreinatu zen zinemetan eta izan duen harreragaz pozik daude. Filma gazte eta heldu euskaldunentzat dela dio, «gure herrian zer gertatu den jakiteko irrikitan gaudenontzako». Zelan sortu zen Gartxot proiektua? Hasi ginenetik bide interesgarria egin dugu. Ez gara Gartxoten inguruan zer edo zer egin duten lehenengoak. Benito Lertxundik musika egin zuen, antzerki bat egin zen Nafarroan eta opera bat Argentinan. Asisko Urmenetak komiki bat atera zuen, eta biok, historia laburbildu, eta film laburra egin genuen. Baina hasi bezain pronto konturatu ginen gaia hori baino gehiago zela. Pausoka eman dugu bidea film luzea egin arte, eta bidean aurkitu dugunak gehiago bultzatu gaitu. Benitoren etxera joan ginen hasteko eta berak Mixel Etxekopar-engana bideratu gintuen; [...]
Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldugarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista. Horixe da Juanjo Elordi (Markina-Xemein, 1970) zinegileak Asisko Urmenetagaz batera egin duen Gartxot filman kontatzen den istorioa. Azaroaren 18an estreinatu zen zinemetan eta izan duen harreragaz pozik daude. Filma gazte eta heldu euskaldunentzat dela dio, «gure herrian zer gertatu den jakiteko irrikitan gaudenontzako».
Zelan sortu zen Gartxot proiektua?
Hasi ginenetik bide interesgarria egin dugu. Ez gara Gartxoten inguruan zer edo zer egin duten lehenengoak. Benito Lertxundik musika egin zuen, antzerki bat egin zen Nafarroan eta opera bat Argentinan. Asisko Urmenetak komiki bat atera zuen, eta biok, historia laburbildu, eta film laburra egin genuen. Baina hasi bezain pronto konturatu ginen gaia hori baino gehiago zela. Pausoka eman dugu bidea film luzea egin arte, eta bidean aurkitu dugunak gehiago bultzatu gaitu. Benitoren etxera joan ginen hasteko eta berak Mixel Etxekopar-engana bideratu gintuen; bere bidez, beste hainbeste zuberotarrekin ahal izan dugu batu.
Gartxot kantaria izanda, musikak garrantzia handia izango du filman.
Benito Lertxundik Arturo Campionen liburua irakurri eta musika eta giro bat sortu zuen. Guk horreri irudiak jarri dizkiogu. Musikak asko transmititzen du film honetan, asko lagundu digu narratibitatea sortzen.
Pertsonaia baten istorioa eta garai batekoa kontatzen dituzue. Ikerketa egin zenuten filma egiteko?
Jendearen ardura izaten da zenbateraino den egia eta zenbateraino gezurra. Gartxoten garaiarekiko kontatzen diren gauzak dokumentatuta daude eta ikertu egin dira. Euskaraz eta euskaldunez arduratuta, orain dela 100 urte idatzi zuen liburua Arturo Campionek. Kantu bat entzun eta ikertzen hasi zen. Filma egiten gaudela konturatu gara euskara defendatu baino harantzago joan nahi zuela Campionek: Nafarroako konkista orain dela 500 urte baino gehiago hasi zela. Dena dela, Gartxotek kondaira apur bat be badauka. Pertsonaia asmatuta dago, baina seguru gaude horrelako pertsona bat egon zela.
Film hunkigarria dela diozue. Zergaitik?
Benito Lertxundik esaten du ikubilkada bat dela, erreakzioa sortzen duela. Olatz Zugaztik, barriz, hunkitzen badu mezua ulertu dela dio. Hori da filmagaz bilatu duguna, hunkitzea, mezua hunkiduraren bidez publikoari helaraztea.
Filmagaz batera, liburua argitaratu duzue.
Liburua egiterik ez geneukan pentsatuta. Apirilean sortu zen ideia, filmaren atzean dagoena kaleratu nahi zelako. Garai horren garrantzia erakutsi nahi da, historia hori beste inon ezin da ikasi, ez dago bilduta, eta liburu batean sartzen ahalegindu da erarik eta sinpleenean.