«Proiektu txikitzaileen» aurka, batuta
Lea-Artibaiko kandidatura independenteetako eta Bilduko zenbait ordezkari proiektu jasangarrien alde agertu dira eta Vista Alegreko egitasmoa gaitzetsi dute
«Proiektu txikitzaileen aurka gaude eta ahal den guztia egingo dugu proiektuok aurrera ez jarraitzeko. Vista Alegreko proiektua gaitzetsi egiten dugu, ingurunea babesteko irizpideen aurkakoa delako». Horrenbestez adierazi zuten Karraspio inguruan etxebizitzak eta aparkalekuak egitea aurreikusten duen egitasmoaren aurrean Lea-Artibaiko Bilduko eta kandidatura independenteetako zenbait ordezkarik duten jarrera.
Karraspion bertan batuta, Vista Alegre proiektua kritikatu eta Bizkaiko Aldundira zein Eusko Jaurkaritzara «alternatiba jasangarriak» aurkitzeko eskatuz idatzizko eskaera egingo dutela jakinarazi zuten. «Uste dugu horrelako proiektuei ateak zabaldu aurretik lurralde antolaketaren inguruko hausnarketa egin behar dela. Izan be, gaur egungo irizpideak zahartuta gelditu dira, garaiak aldatu egin direlako. Krisi ekonomikoa da lekuko».
«Egoerari buelta» eman beharraz aritu ziren eta bakoitzak bere udalerrian jarraituko duen planteamendua plazaratu zuten: «Inolako proiekturik onartu aurretik, jasangarritasunari lotutako arloak zorrotz aztertzeko konpromisoa hartuko dugu, eta zero kalte eragingo duten alternatibak bilatuko ditugu». Horregaz lotuta, erabakietan «herriaren interesa interes pribatuaren gainetik jartzea» lehenetsi zuten.
Karraspion batutako ordezkari politikoen ustetan, garapenaren inguruko eztabaidari hasiera emon behar zaio, eta «irtenbide, errealak, jasangarriak» bideratu.
Proiektua gelditu
Vista Alegre proiektua Bizkaiko Aldundiaren Hirigintza Sailaren onarpenaren zain dago. Hori dela eta, Karraspion batutako ordezkari politikoek «kostaldean eragin zuzena» duen egitasmoa gelditzeko pausoak emongo dituztela iragarri zuten.
Bizkaiko Aldundira zein Eusko Jaurlaritzara bidaliko dituzten eskaeretan, esaterako, alternatiba jasangarriak proposatuko dituztela iragarri zuten; besteak beste, hondartzan aparkalekua egin beharrean, Lekeitioko saihesbideagaz batera «asmo horrekin» egindako aparkalekuen erabilera bultzatu eta bertatik hondartzarako autobusak jartzea edota garraio publikoa hobetzea.
Euskal Herriko erakundeetan ez ezik, Europa mailan be eskaera egingo dute. «Europako Parlamentuaren Ingurumen Batzordera zuzenduko gara, zehazki. Udal mozioen bidez, hemen hartutako erabakien barri emango diegu, eta horregaz batera, ingurumena babesteko legedia indartzeko eskatzen duen gutuna be bidaliko dugu».