Bodegakoa Aitor Agirre (Ondarroa, 1967) eta Oiloen koadrilakoa Iñigo Zabala (Ondarroa,1963). Alkar zirikatzen ondo pasatzen badute be, bista-bistakoa da alkarregaz egotea gustukoa dutela. Gauza bat argi daukate: Kakatzan behin egiten duenak, errepikatu egiten du. Zelan joan da proba? Iñigo Zabala. Sekulakoa izan da gaur (abenduak 31) zeuden baldintzekin inork minik ez hartzea. Aitor Agirre. Batek hartu du buelta. Trialera batean batek bizikleta gelditu du. Menditik bidera metro bat eta erdi-bi metro zeuden, eta txiribuelta egin du, bizikleta goian lagata. Kanpotarra zen, ez dakit nongoa. Kanpotar asko etortzen da, ez? I. Z. Iaz hirutik bi izan ziren. Aurten erdia baino gehiago. Ondarrutarrak 50 bat joango gara. A. A. Gernika, Oñati, Zarautz, Getaria, Elorrio, Lekeitio… Imajinatzen dut, Iñigo, horretan zerikusia edukiko duela zure kartelak? I. Z. Lehenengo urtean, beharbada. Orain gehiago da martxa bera hartzen doan kutsua. A. A. Kartela bera Iñigo da, beste guztia proba. Ibilbidea egiten duena Zeles Azkarate da: hilabete batzuk egiten ditu prestatzen, bidexidorrak-eta topatzen. Eta topatzen ditu… A. A. Gaur hartu dugu bide orokorra, Mendexatik Ondarroara datorrena Asterrikatik, eta bat-batean, ezkerretara sartzen zen. «Nora goaz ba?», esan du jendeak. Ondarrutar batek esan dit sekula ez duela holako bueltarik egin. Mendian ibiltzen da, baina leku batzuk gaur ezagutu [...]