Kakatzan 2011, Aitor Agirre eta Iñigo Zabala: «Nahi dugu kanpotarrek ondo pasatzea, ze guk ondo pasatzen dugu»
Bodegakoa Aitor Agirre (Ondarroa, 1967) eta Oiloen koadrilakoa Iñigo Zabala (Ondarroa,1963). Alkar zirikatzen ondo pasatzen badute be, bista-bistakoa da alkarregaz egotea gustukoa dutela. Gauza bat argi daukate: Kakatzan behin egiten duenak, errepikatu egiten du. Zelan joan da proba? Iñigo Zabala. Sekulakoa izan da gaur (abenduak 31) zeuden baldintzekin inork minik ez hartzea. Aitor Agirre. Batek hartu du buelta. Trialera batean batek bizikleta gelditu du. Menditik bidera metro bat eta erdi-bi metro zeuden, eta txiribuelta egin du, bizikleta goian lagata. Kanpotarra zen, ez dakit nongoa. Kanpotar asko etortzen da, ez? I. Z. Iaz hirutik bi izan ziren. Aurten erdia baino gehiago. Ondarrutarrak 50 bat joango gara. A. A. Gernika, Oñati, Zarautz, Getaria, Elorrio, Lekeitio… Imajinatzen dut, Iñigo, horretan zerikusia edukiko duela zure kartelak? I. Z. Lehenengo urtean, beharbada. Orain gehiago da martxa bera hartzen doan kutsua. A. A. Kartela bera Iñigo da, beste guztia proba. Ibilbidea egiten duena Zeles Azkarate da: hilabete batzuk egiten ditu prestatzen, bidexidorrak-eta topatzen. Eta topatzen ditu… A. A. Gaur hartu dugu bide orokorra, Mendexatik Ondarroara datorrena Asterrikatik, eta bat-batean, ezkerretara sartzen zen. «Nora goaz ba?», esan du jendeak. Ondarrutar batek esan dit sekula ez duela holako bueltarik egin. Mendian ibiltzen da, baina leku batzuk gaur ezagutu [...]
Bodegakoa Aitor Agirre (Ondarroa, 1967) eta Oiloen koadrilakoa Iñigo Zabala (Ondarroa,1963). Alkar zirikatzen ondo pasatzen badute be, bista-bistakoa da alkarregaz egotea gustukoa dutela. Gauza bat argi daukate: Kakatzan behin egiten duenak, errepikatu egiten du.
Zelan joan da proba?
Iñigo Zabala. Sekulakoa izan da gaur (abenduak 31) zeuden baldintzekin inork minik ez hartzea.
Aitor Agirre. Batek hartu du buelta. Trialera batean batek bizikleta gelditu du. Menditik bidera metro bat eta erdi-bi metro zeuden, eta txiribuelta egin du, bizikleta goian lagata. Kanpotarra zen, ez dakit nongoa.
Kanpotar asko etortzen da, ez?
I. Z. Iaz hirutik bi izan ziren. Aurten erdia baino gehiago. Ondarrutarrak 50 bat joango gara.
A. A. Gernika, Oñati, Zarautz, Getaria, Elorrio, Lekeitio…
Imajinatzen dut, Iñigo, horretan zerikusia edukiko duela zure kartelak?
I. Z. Lehenengo urtean, beharbada. Orain gehiago da martxa bera hartzen doan kutsua.
A. A. Kartela bera Iñigo da, beste guztia proba. Ibilbidea egiten duena Zeles Azkarate da: hilabete batzuk egiten ditu prestatzen, bidexidorrak-eta topatzen.
Eta topatzen ditu…
A. A. Gaur hartu dugu bide orokorra, Mendexatik Ondarroara datorrena Asterrikatik, eta bat-batean, ezkerretara sartzen zen. «Nora goaz ba?», esan du jendeak. Ondarrutar batek esan dit sekula ez duela holako bueltarik egin. Mendian ibiltzen da, baina leku batzuk gaur ezagutu ditu.
I. Z. Jende askok ezagutzen ditu leku polit asko ez dituenak ezagutzen. Hamarretik bederatzi ondarrutarrek, esaterako, ez dute ezagutzen Eleizburu. Hara ailegatu egin gara, eta hango baserritarra pixka bat haserretu egin zaigu. Urten duesaten ia bidea horrela laga behar genuen, kakaz beteta. Hangoa haserretu bada, Erriberakoak… Halan da be, guk dana jasota lagatzen dugu.
A. A. Baina udaletxean dauzkagu Urkixak eta Urkizu, garbitzeko.
Urkizu esanda, Rikardoren karteleko broma nondik dator?
I. Z. Lehenengo urtean, ez zegoenez markatzerik,eta kartelean ipini genuen: «Rikardoi segi», Rikardo aurrean ibiltzen delako. Kanpoko jendea hasi zitzaigun galdetzen ia zein den Rikardo. Eta horren kontura, bixkat txantxa egin genuen. Beste irudi bat errepikatu dena Aita Santua da.
Aita Santua momatxe bihartuta…
A. A. Mendian gabiltzanean, trialera batean, goruntz edo beherantz, eta ez baduzu egiten, «txo pakete, momatxe…» Hori Joseinan berba da.
I. Z. Datorren urterako daukagu beste berba bat: putxanu. Joseinaren arabera, kakalekuan lo egiten duen arraina da [barrez].
Eta izena zergatik da Kakatzan?
I. Z. Geuk pentsa barik urten zuen. Pentsatu genuen ondarrutarron artean jai bat egitea, mendian buelta bat. Kartel bat egin nuen, hamar laguni bidali nien… Gabe baten ipini nuen Kakatzan, ipini ahal nuen modura beste zer edo zer. Urten zuen, eta bueno…
A. A. Ez urten bakarrik. Urten zuen Kakatzan, eta kakatzan sartu ginen be bai. Zelesek topatutako bidexidorretatik beti ura eta basa egoten dira.
I. Z. Kakatza ez da bakarrik basa, kakatza da txarto zabiltzanean, bizikleta hondatuta, piñoia ez zaizula sartzen, zeu ahul…
Alkarri lagunduko diozue, baina?
I. Z. Bat be ez [barrezka].
A. A. Bodegakoek bai, oilarrek ez. Gu gara bodegakoak, eta honek oilarrak [barrezka).
I. Z. Gu oiloak gara, ez oilarrak.
A. A. Ez, ez, ez… Oiloa da oiloa, eta honek dira harroak, oilarrak.
I. Z. Koadrilaren izena da Joseinak asmatutakoa, momatxe modura. Aldats bat jaistera bazoaz, eta ez baduzu jaisten, Joseina hasiko zaizu, «pop, pop, pop, pop», oiloarenak egiten. Beldurtuta zaudenean, hori entzungo duzu.
Aitor, zu Iñigo baino askoz garbiago zaude. Ez zinen, ba, furgonetan joango bizikleta lagata?
A. A. Ez, ibili gara. Iñigo-eta atzetik joan dira. Iñigok esan du ez dela jausi, baina ikusita zelan dagoen, itxura guztiak dauka jausi egin dela.
I. Z. Danok jausi izan gara noiz edo noiz, baina gaur ez naiz jausi. Gure obsesioa da kanpotarrek ondo pasatzea, ze guk ondo pasatuko dugu. Batek egin du bizikleta apurtu. Hari egin diogu, bera Land Rover baten sartu, eta motorrean zihoan bati lotu bere bizikleta, zinta isolatzaileagaz. Han joan da goruntz Latur Zuloetaraino. Bera mutila autoaren barruan joan da. Ez daukagu azpiegiturarik, baina ahal den heinean laguntzen dugu.
Kartelean zioen estreinako ibilbidea markatuta egongo zela…
A. A. Ez da markatu, baina. Markatzeko itxaropenagaz joan gara, kamisetekin. Ni neu alde nago markatzeko, baina Iñigo da burugogorra, eta hiru urtean lortu du ez markatzea.
I. Z. Ez da horregatik. Kanpotarrek esaten digute nahiago dutela bidegurutzeetan Aitor Agirre ikusi plastiko zati bat baino.
Nondik ibili zarete gaur?
I. Z. Urtero pasatu behar gara Tontorramenditik eta Kalamenditik, herriko mendiak direlako, eta ahal badugu ikutzen ditugu Asterrika eta Gorozika. Aurten bat egin dugu Kalamendin mendi taldekoekin, eta izan da polita…
A. A. Gerta gara batzuk igotzen, beste batzuk jaisten, eta gu bizikletan.
Aurten, hirugarrena izanda, egoten da inor zuek ailegatzeko zain, animatzen?
I. Z. Ez, baina baserritarrak aitatzekoak dira. Konde Etxebarrikoak urtero-urtero ate sareak zabaltzen dizkigu, Eleizburun euskal pastelak egiten dituenak harek gaur atera dizkigu lau mahuka, bizikletak garbitzeko… Hori izanda oso ona. Aurtengo beste kuriositate bat: sokamuturra eduki dugu goizean. Saturraraneko bidean olatuak zeuden, bagenekien, eta egitarauan sartuta zeuden [Aitorrek barre]. Bat baino gehiago olatuak harrapatu du.
A. A. Jakinaren gainean ipini ditugu zelan olatuaren botaldiak lau izaten direla, eta laugarrenari ez egiteko jaramonik, baina bai lehenengo hirurei.
I. Z. Estanpa politak izan dira. Doistutik goruntz «S»ak egiten taldea luzatu egin da, eta behetik ikusten zen oso polita. Kalamendin be bai. Han animatu egin gaituzte. Datorren urtean ipiniko dugu kartelean animoak ondo daudela, baina sakada nahiago dugula.
A. A. Oso momentu polita izan da. Kanpotarrei esan diegu gu harroputzak garela, eta jendea alokatzen dugula geu animatzeko. «Ez zarete makalak», esan digu zarauztar batek.
Emaitzagaz pozik ikusten zaituztet.
I. Z. Bai. Oso pozik. Hamen gauza da inork minik ez hartzea.
Parte hartzaile batek esan dit hamen ez dagoela lehiakortasunik. Zuon artean, zer, badago?
I. Z. Bai, bai. Bodegakoak makalak dira, makalak.
A. A. Bai, bai, bai, bai, bai. Eta espero dut hori ez galtzea. Hori izango litzateke momatxak izatea. Honek dira zaharrak, aititak, domingeroak, orduan geratu eta lau ordu beranduago urteten dutenak, eta bodegakoak gara kirolariak. Eta Otxandioko alkatea be etortzen zaigu.
Azpiegiturarik ez, baina instituzionalizatuta dago, orduan, Kakatzan?
A. A. Bai. Otxandioko alkatea proba egitera etortzen da. Ondo iblitzen da.
I. Z. Gaur ibili da kakatzan, ondo-ondo.
Kartelaz berba egingo dugu orain?
A. A. Beti esaten da filmeen bigarren zatiak txarrak izaten direla. Lehenengoa oso ona izan zen, eta orain, beheraka doa. Espero dut proba bera goruntz doan heinean, kartela be gorantz joatea. Maila bajatu egin da [irriparrea].
I. Z. Nik esan behar dut izugarrizko marroia dela niretzat kartela. Jendea zain egoten da…
Nik beti imajinatzen dut zuk ondo pasatu behar duzula kartela egiten.
I. Z. Kartela egiten ondo pasatzen dut. Gauez egiten dut. Famatua daukat andrea, umeak-eta zaintzen ditu nik hori egiteko. Normalean autoan egiten dut behar asko. Egunean pare bat ordu pasatzen ditut autoan, eta han be joaten naiz pentsatzen. Aurtengo Yo no soy tonto iazko Gabonetan pentsatu nuen egitea, holako datetan. Lagunartean be asko ateratzen dira holako gauzak. Esate baterako, aurtengo lema, betirako geratuko dena Joseinarena da: «Ezta karreri, txarraua ra».
Zemat eta gehiago irakurri hobe...
I.Z. Ondarrutarra ez dela ulertzen esaten didate batzuek, baina ondarrutarrek be ez dakite momatxe zer den.
A. A. Kartelak bere bizitza dauka. Gero buelta bera dago.
I. Z. Nire ustez, kartelak proba bera zelakoa den ondo islatzen du. Ez dago martxa bat munduan kanposantutik pasatzen dena. Barrutik pasatzen gara, albotik sartuta. Ez dugu zikinik lagatzen, eta urtero pasatu gara.
Orain, batera zoazte bazkaltzera?
I. Z. Datorren urteko Kakatzanera arte, aurpegira be ez diogu behatuko alkarri [barre algara].
Nahi duzue ezer gehiago esan?
I. Z. Eskerrak emon nahi dizkiegu geure andreei, Aurrera Txirrindu Taldeari, baserritarrei, Juan Bidegaini bideoa ateratzeagatik, Aristiri argazkiak ateratzeagatik eta Hitzari propaganda egiteagatik. Eta Viva Rusia!