Borroka astea hasi dute Asier Badiolak eta Urtza Alkortak Estremeran
Asier Badiola Lasarte eta Urtza Alkorta Arrizabalaga preso ondarrutarrek borroka astea hasi dute Estremerako espetxean (Madrid, Espainia), beste 11 preso politikogaz batera, dagozkien eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Atzo txapeoa egin ostean, g...
Asier Badiola Lasarte eta Urtza Alkorta Arrizabalaga preso ondarrutarrek borroka astea hasi dute Estremerako espetxean (Madrid, Espainia), beste 11 preso politikogaz batera, dagozkien eskubideak errespeta daitezen eskatzeko.
Atzo txapeoa egin ostean, gaur espetxeak emoten duen jatekoari uko egingo diote. Bihar, barriz, gose greba egingo dute presoek, etzi txapeoa, eta barikuan jatekoari uko egingo diote ostera be.
EPPK-k jakitera emon duenez, legeak jasotzen dituen espetxe onurak murrizketarik eta arbitrariotasunik barik ezartzea eskatzen dute protesta ekimen horiekin. Horren harira, hurrengo baldintzak exijitu dizkiote Espainiako eta Frantziako gobernuei: preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioagaz amaituz; gaixotasun larriak dauzkaten presoak aske lagatzea; bere momentuan ezarritako zigorrak gaindituta dauzkaten kideen berehalako kaleratzea, 197/2006 doktrina desagertuz; baldintzapekoaren epeak bete dituzten presoei, hau da 2/3 edo 3/4ak bete dituzten presoei baldintzapeko askatasuna emotea; bakarrik aurkitzen diren kideak berehala beste kideekin alkartzea.
Horrez gain, prosezu politikoan parte hartze zuzena edukitzeko eskubidea aldarrikatu dute, «euskal preso politiko guztiak etxera etor daitezen» helburu hartuta.
Hilabete honetan, EPPK-k ateratako azkan komunikatuan agertu den moduan, preso politikoek ekintza ezberdinak egingo dituzte Espainiako eta Frantziako espetxeetan, eta martxotik aurrera be, borrokan segituko dute, oraintxe kartzela batean, oraintxe bestean.