Marokoko kultura ezagutzeko jaia
Munduko Paisaiak ekimenaren baitan Marokoar Jaia antolatu dute zapaturako Uhagon elkarteak eta Herri Bibliotekak. Egitasmoaren helburua Markina-Xemeinen bizi diren beste herrialde batzuetako herritarren kultura ezagutzera emotea da. Senegal eta Erruman...
Munduko Paisaiak ekimenaren baitan Marokoar Jaia antolatu dute zapaturako Uhagon elkarteak eta Herri Bibliotekak. Egitasmoaren helburua Markina-Xemeinen bizi diren beste herrialde batzuetako herritarren kultura ezagutzera emotea da.
Senegal eta Errumania jaiak egin ziren modura, orain, Marokori ailegatu zaio txanda. Horrela, ekimen bi prestatu dituzte Marokoko kultura ezagutzera emoteko. Alde batetik perkusio tailerra egongo da 18:00etan, Arkupe aurrean, eta bertan, Marokoko perkusiozko musika tresnen gaineko oinarrizko ezagutza emongo dute. Tbilat-a zelan jotzen den erakutsiko dute, esate baterako.
Tailerrean ume zein nagusiek parte har dezakete, eta ez da aurretik izenik emon beharko. Euria eginez gero, tailerra Kontzekupera edo Plazabarripera mugituko dutela jakitera emon dute antolatzaileek.
Bouhia taldea
Instrumentuak jotzen ikasteagaz gainera, horiek entzuteko aukera be egongo da, 20:00etan, bertan Arkupe aurrean izango den kontzertuan. Bouhia musika taldeak bereber eta magrebtar doinuak eskainiko ditu bertan. Kanta tradizionalak eta kantautore barrienak jotzen ditu taldeak eta bere ezaugarri nagusia erritmoen aberastasuna denez, kanta gehienak dantzara gonbidatuko dute. Immigrazioari, askatasunari, ama lurrari eta maitasunari abesten dio taldeak.