Aurten egingo dira Zaldupe futbol zelaian beharrezkoak diren barrikuntza lanak
Erreforma integrala egingo da aurten Zaldupe futbol zelaian. Prozedura negoziatuagaz atera du Ondarroako Udalak egitasmoa lehiaketara, eta hiru enpresari eskatu zaie egitasmoaren idazlana, 70.800 euroko aurrekontuagaz. Bi hilabeteko epea edukiko dute enpresek eskaria egiteko. Udalak jakitera emon duenez, Aurrera Kirol Elkarteagaz bilerak egin dituzte, futbol zelaiaren benetako premiak ezagutzeko. Egitasmoak, hasiera batean, bedar artifiziala ipintzea eta zelai inguruko ekipamenduak barritzea jasoko ditu. Obraren aurrekontua onartutako egitasmoak berak zehaztuko badu be, 750.000 euro ingurukoa izatea aurreikusten da. Udalak, beste alde batetik, baztertu egin du futbol zelaiaren azpian aparkalekua egitea. «Ez da egingo aparkalekurik, suposatzen duen zailtasunarengatik batetik, eta hori egiteko dirurik ez dagoelako bestetik», adierazi du Argia Ituarte alkateak. Futbol zelaiaren erreforma integralak herrian dagoen futbol zaletasunari erantzungo diola uste du Ituartek. «Ume asko dira hor dabiltzanak, eta guztiek erabiltzeko legez edukiko dute futbol zelaia». Bi-hiru hilabeteko beharrak izango dira. Obra dagoen bitartean, Aurrerak beste futbol zelai batzuetan jokatu beharko ditu etxeko partiduak, baina beste zelai batzuetako esperientzia ezagututa, ez du futbol taldearentzat zailtasun handiegirik ekarriko. Ilusioa aurrerazaleengan «Familia aurrerazalera ilusio handia ekarri du udalak martxan ipinitako prozesuak». Horixe adierazi du Aurrera Kirol Elkarteko zuzendaritza batzordeak, Eladino Gonzalez lehendakaria buru dela, obrak aurten egingo diren albistearen aurrean. «Urte barriagaz, familia aurrerazalearen [...]
Erreforma integrala egingo da aurten Zaldupe futbol zelaian. Prozedura negoziatuagaz atera du Ondarroako Udalak egitasmoa lehiaketara, eta hiru enpresari eskatu zaie egitasmoaren idazlana, 70.800 euroko aurrekontuagaz. Bi hilabeteko epea edukiko dute enpresek eskaria egiteko.
Udalak jakitera emon duenez, Aurrera Kirol Elkarteagaz bilerak egin dituzte, futbol zelaiaren benetako premiak ezagutzeko. Egitasmoak, hasiera batean, bedar artifiziala ipintzea eta zelai inguruko ekipamenduak barritzea jasoko ditu. Obraren aurrekontua onartutako egitasmoak berak zehaztuko badu be, 750.000 euro ingurukoa izatea aurreikusten da.
Udalak, beste alde batetik, baztertu egin du futbol zelaiaren azpian aparkalekua egitea. «Ez da egingo aparkalekurik, suposatzen duen zailtasunarengatik batetik, eta hori egiteko dirurik ez dagoelako bestetik», adierazi du Argia Ituarte alkateak.
Futbol zelaiaren erreforma integralak herrian dagoen futbol zaletasunari erantzungo diola uste du Ituartek. «Ume asko dira hor dabiltzanak, eta guztiek erabiltzeko legez edukiko dute futbol zelaia».
Bi-hiru hilabeteko beharrak izango dira. Obra dagoen bitartean, Aurrerak beste futbol zelai batzuetan jokatu beharko ditu etxeko partiduak, baina beste zelai batzuetako esperientzia ezagututa, ez du futbol taldearentzat zailtasun handiegirik ekarriko.
Ilusioa aurrerazaleengan
«Familia aurrerazalera ilusio handia ekarri du udalak martxan ipinitako prozesuak». Horixe adierazi du Aurrera Kirol Elkarteko zuzendaritza batzordeak, Eladino Gonzalez lehendakaria buru dela, obrak aurten egingo diren albistearen aurrean. «Urte barriagaz, familia aurrerazalearen ametsa gorputza hartzen hasi da, eta albisteagaz gozatu ostean, zuzendaritzan beharrean hasita gaude, udalagaz batera Zaldupe barria hobe bat egiteko, beti be Aurrera merezi duen lekuan egon dadin».
Hori guztia kontuan hartuta, Aurrera Kirol Elkarteak poztasuna agertu du Ondarroako Udalak Zaldupe futbol zelaian erreforma integrala egiteko erabakiaren aurrean. «Egitasmoaren idazlana lehiaketara aterata, pentsa daiteke, halako batean, obrak martxan hasiko direla, eta edozer gauza pasa badaiteke be, Aurrerak konfiantza dauka orain udalean daudenek esandakoa beteko dutela. Benetan eskertzen dugu agintaldi hasieran esan zuten modura, Zaldupeko aldaketa lehentasun modura hartu izana». Egitasmoa zehazteko prozesuan Aurreraren iritzia kontuan hartzea be eskertu nahi izan du kirol elkarteak, eta horren harira esan du, ahalik eta erabilgarriena izatea espero dutela. «Pozik gaude aukeratutako urtenbidea klubari hasiera-hasieratik gehien gustatu zaiona izan delako». Izan be, Aurrerak bedarra aldatzea eta aldagela eta gainerako beharrezko instalazioen eraikuntza egitea «premiazkoa» ikusten du.
Harrobia handitzen
Zuzendaritzan eta zaleengan sortutako ilusioa tarteko, zuzendaritza batzordeak eskatu dio udal gobernuari kirol alkarteagaz harremanetan segi egiteko aurrera begira be, eta ausarta izateko. «1976 urtean egin zen moduan, instalazio on batzuen aldeko apustua egiteko eskatuko genioke udalari, beti be dauzkan aukera ekonomikoen barruan». Izan be, urte hartan Gipuzkoako ligako instalaziorik txarrenak izatetik punta-puntakoak izatera pasatu zen Ondarroako taldea. Hartara, XXI. mendeari dagozkion instalazioen aldeko apustua egitea eskatu dio udalari. «Hori guzti hori klubean dabiltzan kirolari gazteengan pentsatuta eskatzen dugu. Talderik ezagunena nagusiena bada be, 140 jokalari baino gehiago dauzkagu, eta orain momentuan ahal duten lekuetan entrenatzen dabiltza, Zaldupeko bedarra ahalik-eta edertoen mantendu eta bertan jokatu ahal izateko partiduak».
Gainera, futbol zelai barria martxan dagoenean, eskola mailako bederatzi taldeek be –130 gaztetxo dabiltza– Zaldupen entrenatu eta jokatu ahal izateagatik bere poztasuna agertu du Aurrera Kirol Elkarteak.
Bazkideek eurengan konfiantza ipiniz gero, erreforma integralari esker hasieratik daukaten egitasmo bat martxan ipini ahal izango dutela esan du Eladino Gonzalezek: nesken futbola martxan ipintzea, eskaria dagoen mailetan taldeak aterata. «Zaldupe barria ezinbestekoa zen Aurrerak bere ibilbideari jarraitu ahal izateko, eta kalitatezko jauzi bat suposatu beharko luke jokalari guztiek, mutil zein neska, entrenamenduak baldintza onetan egiteko». Ildo beretik adierazi dute, instalazio egokiek bedargunean egindako lana osatzeko balioko dutela, «gaur egun edozein klubetan gertatzen den moduan».
Era berean, zuzendaritzak uste du, hobekuntza horiekin gazteek oraindik be gehiago gozatu ahalko dutela futbolaz, eta kamiseta gorria janztean harro egongo direla, 90 urtetik gorako ibilbidean ondarrutar asko eta asko egon diren bezain harro.