40 mila euroko zorragaz emon dio amaiera urteari Aulestiko Udalak
Udalaren balantzea negatiboa izan da 2011. urtean; gainera, Eusko Jaurlaritzak Erein programaren bidez agindutako 50 mila euroko laguntza be ez du jasoko
Zenbaki gorriak, baina ez larritzekoak. Horrela definitu du Mikel Ansotegi alkateak udaleko kontuen egoera. «Egoera dagoenean egonda, ez gaude gaizki. Negatiboan gaude, baina aurrera egiteko modua topatuko dugu».
Aulestiko Udalak 2011ko kontuak ixtean 41.042,71 euroko balantze negatiboa dauka. Kopuru horri beste 50.000 euro gehitu behar zaizkio. Izan be, hasiera batean Eusko Jaurlaritzak Erein programaren bitartez diru kopuru hori agindu zien arren, orain ez dutela jasoko jakinarazi die udal ordezkariei.
Gastuari erreparatuta, zati garrantzitsuena herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuek sortarazten dituzte: besteak beste, herrian zein auzoetan egiten den zabor bilketa, udal lokalen mantenimendua, auzo eta herriguneko argiteria, haurtzaindegia, ludoteka, liburutegia, musika eskola, gaztetxea, gimnasioa eta eskola. «Herritarreko 473,59 euro gastatzen ditu Udalak; Bizkaiko bataz bestekoa, pertsonako, 213, 68 euro diren artean», nabarmendu du alkateak. «Gainera, diputazioak udalari emoten dion laguntza jaitsi egin da. Eta ezin ditugu ahaztu diputazioari berari bueltatzen ari garen bi maileguak be hor daudela».
Horregaz guztiagaz batera, «herriari bizia» emoten dioten kultur ekintza anitzei udalak eskaintzen dien laguntza be aitatu zuen alkateak. «Horrek guztiak gastu finkoa altua izatea dakar, baina elkarte eta zerbitzu horiei esker da Aulesti herri bizia eta horrela jarraitzea nahi dugu».
Udalaren helburua, beraz, zerbitzu eta ekimen bardinak eskaintzea da, baina diru gutxiago erabilita. Horretarako erabiliko duten formula ondokoa da: diruaren optimizazioa eta herritarren inplikazioa. «Egoera aldatzeko guztion esfortzua beharrezkoa izango da. Gauza berdinak diru gitxigaz egiten ahalegindu behar gara. Lehen egiten genuen bezala, auzolanean egin beharko ditugu zenbait gauza».
Udalak bere aldetik be ahalegina egingo duela jakinarazi du. «Aurrekontu asko eskatuko ditugu edozein gastu egin aurretik, ekimen zehatzen gastua murriztuko dugu eta, ahal dugun neurrian, udal beharginekin atarako ditugu aurrera beharrak».