Amaiurko Bertso Guda lehiatuko dute Markina-Xemeingo gaztetxean
Nafarroako historiari errepasoa emonez, Amaiurko Bertso Guda lehiatuko da zapatuan, Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Zortzi bertsolarik parte hartuko dute lehian eta binaka borrokatuko dira. Bertsolari gehienak markina-xemeindarrak dira, baina ba...
Nafarroako historiari errepasoa emonez, Amaiurko Bertso Guda lehiatuko da zapatuan, Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Zortzi bertsolarik parte hartuko dute lehian eta binaka borrokatuko dira.
Bertsolari gehienak markina-xemeindarrak dira, baina badagoz Etxebarriko bat eta Berriatuko bat be. Alde batetik Kakuetako Otso Gerlariak daude: Lander San Martin Baltza eta Gorka Ostolaza Potxis, Sakanako Zaldun Bakartiak izango dira Joseba Sololuze eta Jokin Arbe, Zapolako Ponydun Zaldunak izena dauka Eneko Arrate eta Nerea Ibarzabalek osatutako bikoteak, eta azkenik Mundu Ezezaguneko Zaldunak izenagaz parte hartuko dute Lander Ibarluzea Aitxuluak eta Julen Sololuze Pepek.
Bertsoetatik aparte, antzerkia be egongo da, eta bere bidez, Nafarroako historia kontatzen joango dira. Horretaz gainera, mozorrotuta joateko gonbitea egin dute ekimenaren antolatzaile diren Gazte Asanbladakoek. Garaiko jantziak zein baserritarrenak balio dutela adierazi dute.
Gaztetxeko Bertso Txapelketa, urteroko hitzordu bihurtu da, eta harrera handia izaten du ekimenak. Dagoeneko salduta daude afarirako txartel guztiak ¬bi egunetan saldu ziren¬, baina afalostean lekua egongo da urtarrileko bertso lehiaketaz gozatu nahi duten guztientzako. Amaiurko Bertso Guda ikusteko 3 euroko laguntza ordaindu beharko da. Afaria 20:30ean izango da eta bertso saioa 22:30ean.