Juan Migel Txakartegi izango da Goi Alde Elkarteko presidentea aurrerantzean
Mendexako nagusien elkarteko zuzendaritza taldeko kidea izan da azkan urteetan Txakartegi; datozen bi urtetarako da presidente izendapena. Goi Aldeko zuzendaritza taldean bi lagunek urten eta bi sartu dira
Juan Miguel Txakartegi Zendoia. Hori da Mendexako Goi Alde Nagusien Elkarteko presidente barriaren izena. Orain artean, Martin Arantzamendi izan da kargu horretan egon dena.
Karguan barria izan arren, Txakartegik ondo ezagutzen ditu elkartearen nondik norako guztiak. Izan be, azkan urteetan zuzendaritza taldeko kide aktiboa izan da. «Hasiera baten, izendapena bi urterako da, estatutetan hala ezarrita dago eta», dio Txakartegik. «Pozik nago niregan konfiantza ipini dutelako. Baina presidentearena titulu bat besterik ez da. Atzean lan talde bat dago, eta talde benetan ona daukagu gurean. Horregatik, pozik egoteaz gain, lasai nago».
Presindetea aldatzeaz gain, bokal bat be aldatu da: Ana Mari Elorriagak bere kargua utziko du. Bi lagun horien ordez, beste bi sartu dira taldean: Jose Ramon Barinagarrementeria eta Ana Mari Elorriaga.
Talde barrituaren asmoak
Urtea amaitu orduko egindako aldaketen ostean, 2012. urteari aurre egiteko bost lagunez osatutako zuzendaritza taldea manteduko du Goi Aldek.
Juan Migel Txakartegigaz batera, ondokoek osatuko dute elkartea zuzenduko dutenen taldea: presidente ordea, Jose Ramon Barinagarrementeria sartu barria izango da; Maribi Elordi, idazkaria; Jabier Guenaga, diruzaina eta bokalen beharra egiteko, Migel Iturbek taldean lehen aldiz dagoen Ana Mari Elorriaga izango du lagun.
Aurtengora begira, zuzendaritza talde eraberrituak ez dauka aldaketa sakonik egiteko asmorik. «Orain arteko funtzionamenduagaz gustura gaude, eta horri eusten saiatuko gara, aurten», dio Txakartegik. «Ideia barriak egon badaude, baina betiko traba: dirua falta!». Horrenbestez, elkarteak bere kabuz zein Itsas-baserriagaz egindakoak edukiko dituzte; otsailean, lehen ikastaroa egongo da, eta podologo zerbitzua be mantenduko dute. Aurten, baina, euro bat gehiago balioko du.