Urzabalek antolatu dituen ikastaroek arrakasta izan dute
Barikuan ekingo diote aulestiarrek aerobik ikasteari; astelehenean, barriz, lo kanten ikastaroa hasiko dute
Aerobik eta lo kanten ikastaroak izan dira Urzabal Guraso Elkarteak aulestiarrei urte hasieran egindako eskaintza. Bi aukerek erantzun ezin hobea eduki dute.
Aerobik saioak izango dira lehendabizi martxan jarriko direnak. Guztira, 28 lagunek emon dute izena. «Guraso elkarteko kide batek proposatu zuen ekimena. Itxura denez, aitamena egin eta herritarren artean gogoa zegoela konturatu zen. Horregatik animatu ginen ikastaroa antolatzera. Egun batetik bestera deia egin eta erantzuna ezinhobea izan da».
Bi taldetan banatuta jasoko dute herritarrek ikastaroa:lehen saioa 15:00etatik 16:00etara izango da eta bigarrena, 16:00etatik 17:00etara. Saioak frontoi ondoko erakusketa aretoan izango dira, eta barikutan ez ezik, astelehenetan be batuko dira.
Lo kanten ikastaroari dagokionez, astelehenean ekingo diote. Bigarren ikastaro horretarako, 16 lagunek emon dute izena. Ikastaro honetako herriko musika eskolagaz elkarlanean aritu dira guraso elkartekoak. Horrela, Sabin Kortabitarte izango da ikastaroa emongo duena.