Ispastertarrak sahararrei laguntzeko bilketa egiten ari dira
Otsailaren 7ra arte ariko dira Sahararen aldeko bilketagaz ispasterren; janaria eta emakumeentzako oinarrizko gauzak eskatzen ari dira
Eskualdeko hainbat herrik egin duten modura, Ispasterko herritarrek be Sahararen aldeko bilketa antolatu dute. Udala osatzen duten bi alderdien (EAJ eta HA) babes osoa dauka ekimenak.
Batez ere bi motako gauzak ari dira eskatzen: alde batetik, emakumeentzako oinarrizko beharrizanetarako elementuak; esaterako, konpresak eta nagusientzako pardelak. Beste alde batetik, galtzen ez diren produktuak; besteak beste, arroza, azukrea, pasta, lekaleak edota latan datozen janariak.
Otsailaren 7a izango da bilketa egiteko azkan eguna. Udaletxea zein Bizi Nagusien Elkarteko lokala erabiltzen ari dira gauzak batzeko. Bilketarako erabiliko dituzten egunak eta orduak ondokoak dira: astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara, ludoteka ondoan dagoen udaletxearen biltegian utzi daitezke gauzak. Astelehen eta eguaztenetan, ostera, 17:30etik, 19:30era, nagusien lokalean.
Hiru urtez laguntzen
Aurtengoagaz, bilketa egingo dute hirugarren urtea izango da. 2009an ekin zioten, eta lehen bi urtetan abenduan egin izan dute bilketa.
Aurten, ostera, abenduan herritar talde batek beharrizanean daudenentzako bilketa antolatu zuen. Hori dela eta, Sahararen aldekoa atzeratzea erabaki zuten. Baina otsailaren hasiera da bilketa horren epemuga. Izan be, Ispastertarrek biltzen duten guztia Sahela elkartearen bidez helaraziko dute Saharara. Hori dela eta, otsailaren 8rako gauza guztiek Lekeition egon behar dute.
Aurreko urtetan batutako gauzekin 300 kiloko boltsa osatu izan dute. «Aurten bigarren bilketa denez, zaila izango da kantitate horretara heltzea, baina uste dugu, herritarren elkartasuna agerian geldituko dela beste behin be», diote antolatzaileek.