Toledoko elkarte baten literatur lehiaketan Rafa Lopezen narrazioa aukeratu dute argitaratua izateko
Genaro Seguido Elkarteak Rafa Lopezen narrazio bat aukeratu du argitaratu barri duen liburuan agertzeko; Lopez jaiotzez Lasarte-Oriakoa den arren, azkan lau urtetan Gizaburuagan bizi da
Rafa Lopezek albiste ezinhobea jaso zuen abenduan. Toledoko (Ezpainia) Genaro Seguido Elkarteak antolatutako narrazio lehiaketara aurkeztutako testua argitaratuta izateko aukeratua izan zen.
Jatorriz Lasarte-Oriakoa izan arren, azkan lau urtean Gizaburuagan bizi da, eta bertan idatzi zuen Bajo la lluvia izeneko narrazioa. Kontakizunak bi atal ditu: lehengoan, tren baten doan gazte baten pentsamenduak deskibratzen ditu. «Gaur egungo kontsumo sistemari kritika sakon bat egiten dio, umore tanta bategaz, eta trena antzoki bilakatuz», dio autoreak. Bigarren zatian, ostera, akzioa trenetik kanpo gertatzen da. Drama da genero nagusia. «Sistemaren itsutasunagatik ume baten bizitza jokoan nola jartzen den ikusiko dugu».
Bajo la lluvia Rafa Lopezek argitaratzen duen bigarren narrazioa da. Duela urtebete, La colmena argitaletxeak Verde Religion kontakizuna atara zuen argitara. Bertan, pertsona baten bizipenak umore askogaz kontatzen zituen.
Liburua eskuragarri
Rafa Lopezen narrazioagaz batera, beste hamabi narraziok osatzen dute Genaro Seguido Elkarteak argitaratutako liburua.
Narrazio guztietan gaia soziala da, lehiaketak hala eskatzen zuen eta. Narrazio bakoitza autore batena da. Toledoko elkarteak antolatzen duen bigarren literatura lehiaketa da aurtengoa.
Elkartearen helburua, «kultura soziala eta irekia» bultzatzea da. Horrela, lehiaketez gain, liburuen aurkezpenak, berbaldiak, bideo emanaldia eta literatur ikastaroak antolatzen dituzte.
Argitaratutako liburua hainbat liburudendetan eskuratzeko aukera dago. Gainera, Internetez be egin daiteke eskaera algenaroseguido@gmail.com helbidera idatzita. Lortzen duten dirua elkartea autogestionatzeko erabiliko dute.