Gernika-Markina Lurralde Zatikako Plana aurkeztu du Foru Aldundiak
Bizkaiko Foru Aldundiak Gernika-Markina Eskualde Egituraren Lurraldearen Zatiko Plana aurkeztu du gaur bertoko udaletako ordezkarien aurrean. Funtsean, planak datozen 16 urteetan Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeen arteko loturak hobetzeko eta bi lurraldeen arteko harremanak estutzeko balioko duela adierazi dute Aldundiko ordezkariek. Udalek, plana egiteko jarraitu den prozesua arbuiatzeaz gain, horrelako proiektuetan parte hartze prozesua «erreala» izan behar dela esan eta proiektua gelditzeko exijitu dute. Abenduaren 27an Bizkaiko Foru Aldundiak hasierako onarpena eman zion Lea-Artibai eta Busturialdea barnebiltzen duen Lurralde Zatitako Planari. «Proiektuaren tramitazioa orain hasten da eta horretan udalen parte hartzea ezinbestekoa da guretzat. Plana aurrera ateratzeko udal guztien kolaborazioa eskatzen dugu», adierazi zuen proiektua idatzi duen Ezquiaga Arquitectura enpresako behargin Gema Peribañezek. Plana bera ekoizpen prozesuan dagoela adierazi zuen Peribañezek. «Oraindik atal batzuk zehazteke daude eta horregatik behar dugu udalen kolaborazioa. Aportazioak egiteko garaia da eta ondoren, eskaera guztiak kontuan hartuta, proiektua osorik idatziko dugu». Azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeaz gain, arlo ekonomikoa suspertzeko eta egun herri bakoitzak dituen ondareak babesteko pautak ere biltzen ditu planak, besteak beste. «Herri bakoitzean dauden hutsuneak zeintzuk diren jakiteko udalekin berba egin behar dugu». Horretarako, udalez udal batzarrak egin eta proiektua azaltzeko prest daudela esan zuten Peribañezek eta Idoia Garai Aldundiko lurralde ordezkaritzako arduradunak. [...]
Bizkaiko Foru Aldundiak Gernika-Markina Eskualde Egituraren Lurraldearen Zatiko Plana aurkeztu du gaur bertoko udaletako ordezkarien aurrean. Funtsean, planak datozen 16 urteetan Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeen arteko loturak hobetzeko eta bi lurraldeen arteko harremanak estutzeko balioko duela adierazi dute Aldundiko ordezkariek. Udalek, plana egiteko jarraitu den prozesua arbuiatzeaz gain, horrelako proiektuetan parte hartze prozesua «erreala» izan behar dela esan eta proiektua gelditzeko exijitu dute.
Abenduaren 27an Bizkaiko Foru Aldundiak hasierako onarpena eman zion Lea-Artibai eta Busturialdea barnebiltzen duen Lurralde Zatitako Planari. «Proiektuaren tramitazioa orain hasten da eta horretan udalen parte hartzea ezinbestekoa da guretzat. Plana aurrera ateratzeko udal guztien kolaborazioa eskatzen dugu», adierazi zuen proiektua idatzi duen Ezquiaga Arquitectura enpresako behargin Gema Peribañezek.
Plana bera ekoizpen prozesuan dagoela adierazi zuen Peribañezek. «Oraindik atal batzuk zehazteke daude eta horregatik behar dugu udalen kolaborazioa. Aportazioak egiteko garaia da eta ondoren, eskaera guztiak kontuan hartuta, proiektua osorik idatziko dugu».
Azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeaz gain, arlo ekonomikoa suspertzeko eta egun herri bakoitzak dituen ondareak babesteko pautak ere biltzen ditu planak, besteak beste. «Herri bakoitzean dauden hutsuneak zeintzuk diren jakiteko udalekin berba egin behar dugu». Horretarako, udalez udal batzarrak egin eta proiektua azaltzeko prest daudela esan zuten Peribañezek eta Idoia Garai Aldundiko lurralde ordezkaritzako arduradunak. «Azken finean, herrietako agintariek inork baino hobeto ezagutzen dute euren herria».
Aldundiak proiektuari hasierako onarpena eman eta gero, udalek bi hilabeteko epea dute alegazioak egin eta euren kezkak azaltzeko. «Momentuz bi hilabeteko epea abian jarri zenetik hona hilabete pasatu da eta ondorioz udalei beste hilabete geratzen zaie alegazioak egiteko; martxoak 31n amaitzen da epe hori».
Udal ordezkarien txanda
Horren aurrean, udal ezberdinetako ordezkariek euren desadoztasuna erakutsi zuten. «Orain arte ez duzue gurekin berba egin eta hori hasieratik egin behar zenuten», esan zuen Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak.
Halaber, planak oinarri bezala dituen datuekin eta estatistikekin ez daudela ados esan zuten. «Planaren oinarriak txarto daude, ez dira errealak», adierazi zuten Maitane Larrondo Lekeitioko alkateak eta Unai Urruzuno Ondarroako Udaleko aholkulariak.
Kexak tarteko, esfortzu bat egin behar dela be esan zuten Mankomunitateko ordezkariek. «Izan gaitezen praktikoak. Aldundiak esfortzu bat eskatzen digu eta lan dinamika horretan sartzea nahi du. Esfortzua egin egin behar dugu».
Proiektua ikusgai dago
Aldundiaren proiektua ikusgai dago Markina-Xemeingo udaletxeko beheko solairuan, astelehenetik barikura, 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Zapatuetan, 09:00etatik 20:00etara.
Gernika-Lumon Euskal Herria museoan egongo da ikusgai, martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara. Domeketan goizez egongo da ikusgai. Dena dela, tailer batzuk tarteko, otsailaren 17an, 18an eta 25ean eta martxoaren 23an eta 30ean proiektuaren erakusketa itxita egongo da.
Aldundiak jarraitutako prozesuarekin ez dagoela ados dio Bilduk
Lea-Artibaiko Bilduk plana geldiarazteko eta herritarren parte-hartzea bermatuko duen prozesua abian jartzeko eskatu dio Aldundiari.
«Planaren lantze eta erabakitze faseak biztanlegoarekiko modu isolatuan egin dira. Eskualdeko udalek eta herritarrek ez dute parte hartzeko aukera txikiena be eduki». Bide beretik, Aldundiak informazioa zabaltzeko modu testimoniala erabili izana kritikatu dute. «Aldundiak metodologia erabat bertikala erabili du; berto esparru ezberdinetako eragileekin hartu-emonik ez du eduki».
Plana Lea-Artibaik egun bizi duen errealitatetik urrun dagoela be gaineratu dute. «Planteatzen diren egitasmo batzuk dagoeneko gauzatuta daude eta beste batzuk ez dira udalerrien lehentasunen zerrendan sartzen. Lana eta langabeziaren datuak eta ume eskolarizatuenak be 1996. urtekoak dira eta biztanlegoarenak 2000. urtekoak».
Horretaz gain, plan honen gainetik beste arau batzuk daudela be gaineratu du Bilduk. «Ez du zentzurik Lurralde Antolamendurako Artezpideak onartzeke daudenean horien azpitik dauden proiektuak onartzea; ez du logikarik».