Inbertsioetan lehentasunak jartzeko exijitu dio Bilduk Bizkaiko Aldundiari
Aulesti, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako alkateek Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatu dute, ozen. Aldundiarentzat Lea-Artibai bigarren mailako eskualdea dela esan eta Urberuaga-Ondarroa errepide egitasmoa ez dela egingo prentsa bidez jakin dutela gaineratu dute. «Proiektua erabakitzean bezala, datarik gabe atzeratu denean be ez da inolako hartu emonik bideratu inplikatutako herriekin. Aldundiak lehentasunak adostu behar ditu». Bide beretik, Gipuzkoan egin bezala, Bizkaian be Aldundiak hausnarketa egiteko exijitu dute bertoko Bilduko ordezkari guztiek. Bilduren ordezkari politikoek aho batez berba egin zuten atzo. «Lea-Artibai garriaio publiko zuzkidura urrienak dituen eskualdea da eta inbertsioak jasotzean be azken postuetan geratzen da». Azken denboraldian Aldundiak hartutako erabakien aurrean horrelantxerik erantzun zioten lau herrietako alkateek. «Eskualde honek garapenari eta ongizateari eusteko ezinbestekoak ditu azpiegitura egokiak». Berriatuaren egoera Bide beretik, Aldundiak Berriatuako herritarren seguratasuna bermatzeko inolako asmorik ez duela erakutsi diote. «Berriatuak urteak daramatza herri erdi-erditik pasatzen den eta auto dentsitate handia duen errepideari konponbide bat emateko eskatzen». Puntuz puntu, Aulestiko alkate Mikel Ansotegik, Lekeitioko Maitane Larrurik, Ondarroako Argia Ituartek eta Markina-Xemeingo Juanjo Txurrukak Aldundiari eskaerak egiten jarraitu zuten atzo. Aldundiak erabakiak hartzen baditu be, udal ordezkariek erabaki horiek zein irizpideren arabera hartzen diren ez dakitela gaineratu zuten, halaber. «Gerediaga-Elorrio, Autzaganeko tunela eta Bermeoko saihesbidearekin aurrera egitea aurrikusi da, [...]
Aulesti, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako alkateek Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatu dute, ozen. Aldundiarentzat Lea-Artibai bigarren mailako eskualdea dela esan eta Urberuaga-Ondarroa errepide egitasmoa ez dela egingo prentsa bidez jakin dutela gaineratu dute. «Proiektua erabakitzean bezala, datarik gabe atzeratu denean be ez da inolako hartu emonik bideratu inplikatutako herriekin. Aldundiak lehentasunak adostu behar ditu». Bide beretik, Gipuzkoan egin bezala, Bizkaian be Aldundiak hausnarketa egiteko exijitu dute bertoko Bilduko ordezkari guztiek.
Bilduren ordezkari politikoek aho batez berba egin zuten atzo. «Lea-Artibai garriaio publiko zuzkidura urrienak dituen eskualdea da eta inbertsioak jasotzean be azken postuetan geratzen da». Azken denboraldian Aldundiak hartutako erabakien aurrean horrelantxerik erantzun zioten lau herrietako alkateek. «Eskualde honek garapenari eta ongizateari eusteko ezinbestekoak ditu azpiegitura egokiak».
Berriatuaren egoera
Bide beretik, Aldundiak Berriatuako herritarren seguratasuna bermatzeko inolako asmorik ez duela erakutsi diote. «Berriatuak urteak daramatza herri erdi-erditik pasatzen den eta auto dentsitate handia duen errepideari konponbide bat emateko eskatzen».
Puntuz puntu, Aulestiko alkate Mikel Ansotegik, Lekeitioko Maitane Larrurik, Ondarroako Argia Ituartek eta Markina-Xemeingo Juanjo Txurrukak Aldundiari eskaerak egiten jarraitu zuten atzo.
Aldundiak erabakiak hartzen baditu be, udal ordezkariek erabaki horiek zein irizpideren arabera hartzen diren ez dakitela gaineratu zuten, halaber. «Gerediaga-Elorrio, Autzaganeko tunela eta Bermeoko saihesbidearekin aurrera egitea aurrikusi da, eta besteak dirua dagoenean egingo direla diote. Zergatik?».
Eta galdera horretxekin jarraitzen dute udal ordezkariek. Izan be, Aldundiaren aldetik ez dute inolako erantzunik jaso. «Aldundiarekin bilera egingo dugu laster; eskaria Mankomunitatetik ari gara bideratzen».
Alderdi guztiak, ados
Salaketa hau Bilduko ordezkariek egin badute be, gainerako alderdiek be Aldundiaren jarrera eta eskualdearekiko «ardura eza» salatzen dutela argitu dute Bilduko agintariek. «Mankomunitatetik beste idatzi bat egin da, azalpenak eskatuz. Idatzi hori alderdi guztiok aho batez onartu dugu».
Halaber, Aldundiak aurreikusitako azpiegitura guztiak egiteko dirurik ez duela esan badu be, aurreikuspen horiek ez direla errealak esan dute bertoko ordezkariek. «Egoera sozioekonomiko orokorra gero eta okerragoa da eta horrek eragin zuzenda du beste garai batzuetan edo okerreko aurreikuspenen arabera planifikatutako azpiegituretan».
Orain arte Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun politika errepide erraldoien eraikuntzan oinarritu duela diote. «Garraio publikoan inbertsioak egin ordez errepide handietara mugatu dira. Eta inbertsio gehienak Bilbo Handian gauzatu dira».
Azpiegitura batzuen porrota
Inbertsioak beste azpiegitura batzuetara bideratu badira be, hainbat azpiegiturak porrot egin dutela diote. «Artxandako tunelak, Supersur… Zulo ekonomikoa handituz doa eta gainera azpiegitura horiek ingurumenean kalte handiak eragin ditu. Gure iritziz dirua xahutzeko modu hau onartezina da».
Ardatz erradialen finantzazio eredua be erabat aldatu dela salatu dute bertokoek. «Proposatzen ziren ardatz erradialen aurrean kaltetutako herrietatik zein norbanakoen aldetik hainbat alegazio izan dituzte, proposamenak benetako astakeriak zirelako, bai ingurumen aldetik eta baita alde ekonomikotik be». Ardatz erradialen finantzazio eredua be aldatu dela salatu dute. «Hasiera baten ez bezala, orain Autzaganeko tunelak diru publikoz egingo dira».
Lea-Artibaira begira
Beraz, arrazoi horiek guztiak tarteko, aurrera begirako hausnarketa ezinbestekoa dela esan dute herriotako agintariek. «Inbertsio berrien artean lehentasunak adostu behar ditu Aldundiak». Eta hori egiteaz gain, herriekin elkarlanean, egungo egoera sozioekonomikora moldatutako eta Lea-Artibairen kezkei erantzunez, ponentzia berri bat egiteko eskatu diote.
Lau alkateek ozen errepikatu zuten eskualde honek garraio publikoa hobetzeko «berehalako» inbertsioak «ezinbestekoak» dituela. «Eskualdeko gune batzuetan garraio publikoaren zerbitzuak ondo funtzionatzen badu be, beste batzuetan hutsune larriak ditu, Lekeitio-Ondarroa-Donostia norabidean eta Munitibar-Aulesti-Markina-Xemein norabidean, esaterako».