Liburutegia sortzeko proiektua gorputza hartzen hasi da, herritarrei esker
«Mendexan inoiz liburutegirik ez da egon. Hori aldatzea zen gure proiektuetako bat, eta herritarrei esker egitasmoa martxan jartzeko zorian gaude». Horrebestez adierazi du Mendexako alkate Jesus Anakabek udalak martxan jarri nahi duen azpiegitura bar...
«Mendexan inoiz liburutegirik ez da egon. Hori aldatzea zen gure proiektuetako bat, eta herritarrei esker egitasmoa martxan jartzeko zorian gaude». Horrebestez adierazi du Mendexako alkate Jesus Anakabek udalak martxan jarri nahi duen azpiegitura barriaren nondik norakoa.
Liburutegia osatzeko herritarrei etxean zituzten liburuak ekartzeko deia egin zien Mendexako Udalak. «Garaiak ez direnez onenak, liburutegiaren proiektua martxan jartzeko etxeetan soberan, traban edo partekatzeko nahiagaz egon zitezkeen aleekin hastea pentsatu genuen. Horrela, bi gauza lortzen genituen: alde batetik, liburuak ondo zaindutako gune batean egotea, eta, beste alde batetik, pertsona batek baino gehiagok liburu horietaz gozatu ahal izatea».
Jasotako erantzunagaz «gustura» daude. Izan be, 150 liburu biltzea lortu dute. «Bildutako liburu gehienak gazteleraz daude. Euskarazko liburuak erosteko aukera aztertzen ari gara».
Liburutegia udaletxeko beheko solairuan egongo da; lehen ludoteka zegoen gela berberean. Liburutegiaz gain, beharrak egin, informazioa batu edota ikasteko gunea izatea lortu nahi dute. Horretarako, mahaiak eta internetera konektatutako ordenagailua be jarriko dituzte.
Liburutegiaren erabilera ez dago oraindik adostuta. «Martxoko osoko bilkuran aurkeztu nahiko genuke egitasmoa bere onarpenerako. Erabilpen arauak eta abar finkatzen ari gara momentuan». Liburutegiari «erabilera anitza eta librea» emon nahi diote. «Herritarrek zein ingurukoek erabiltzeko txokoa sortu nahi genuke». Horretarako, bazkide sistema ezartzea da eskuartean duten proposamenetako bat.