Euskal Herriko kluben artekoak bost txapel utzi ditu Lea-Artibai eskualdean
Zestaz txapel bi, palaz bat eta eskuz beste bi. Hori da Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa amaitu ostean Lea-Artibaiko taldeek lortutako emaitza. Berriatuko eskola, Markina-Xemeingoa eta Lea-Motrollo izan dira kluben arteko lehiaren finalean ordez...
Zestaz txapel bi, palaz bat eta eskuz beste bi. Hori da Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa amaitu ostean Lea-Artibaiko taldeek lortutako emaitza.
Berriatuko eskola, Markina-Xemeingoa eta Lea-Motrollo izan dira kluben arteko lehiaren finalean ordezkariak eduki dituzten taldeak.
Txapel denek, batek izan ezik, mutil izena daukate. Palaz, ordea, Lea-Motrollo taldeko nesken bikoteak ekarri du garaikurra etxera. Etxaniz-Gallastegik kluben artekoan parte hartzen zuten lehen aldia zen. Sopela bikoteagaz partida estua jokatu zuten eta markagailuan estu aritu ziren amaierara arte (30-29). Nabarmentzekoa, Etxanizen beharra.
Berriatuarrek txapel bat ziurtatu zuten zestaz. Izan be, nagusien mailan bertako bi bikotek jokatu behar zuten saio nagusia. Partida oso gogorra eta orekatua izatera zihoala iragarrita zegoen, eta, azkanean be, hala izan zen. Antxonen ordez Paredes kantxaratu zen Garaldegaz, eta hauek azpitxapeldun tituluagaz konformatu behar izan zuten. Garaipena Alberro-Ubillarentzat izan zen (35-31). Ezustekoa ohorezko mailan heldu zen. Izan be, Lekue-Aimar (Berriatua) ziren faboritoak. Aurrean Arbe-Salegi (Markina-Xemein) zituzten. Emozio handiko partida jokatu zuten, eta bi bikoteek sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Azkanean, ordea, balantzak markinarren aldera egin zuen (32-35).
Eskuz, nagusietan bi txapel etorri dira bertora. Banakakoan Leako Urionak pronostiko denak bete zituen. 14-09 galtzen hasi zen, baina partidari buelta emoten asmatu zuen. Binakakoan, Berasaluze-Perosanz markinarrentzat izan zen garaipena.