Aulesti, antzerkiaren agertoki
Artedrama hasteko ordu gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Antzerkigintza oihalaren atzetik ateratzeko prest dago. Apirilaren 9tik 14ra izango da ekitaldia, Aulestiko Udalaren eta Artedrama Euskal Laborategiaren (ADEL) ekimenez. Antolatzaileek diotenez, alde bien ahaleginari esker izan da posible beste urte batez antzerkiak lekua edukitzen jarraitzea Pazko Astean. Izan be, krisi testuinguruari aurre egiten jakin izan dien topaketak dira aurtengoak. «Bai Aulestiko Udalak, bai ADELek esfortzua egin dugu, kostuak jaitsi arren, kalitatezko antzerki topaketak antolatzen jarraitu ahal izateko», adierazi du Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak. Topaketen kontura, Pazko Astean, giro berezia sortzen da herrian udalburuak gogoratu duenez: «Egunero daude ekitaldiak, eta Euskal Herriko txoko guztietatik datorren jendea gure artean ikusteak bizitasuna emoten dio Aulestiri». Ansotegiren esanetan, Aulesti moduko herri txikiek horrelako mailari eustea zaila da, eta baieztapen horrekin bat dator Ander Lipus aktore eta antropologoa. «Euskal Herri mailan holako topaketa oso gutxi daude; Bizkaian bakarra da, eta Aulestikoa zazpigarrena izateak pisu berezia emoten dio. Oso garrantzitsua da antzerkigintzarentzat orokorrean eta, batez be, antzerkia euskaraz egiten dugunontzat», adierazi du. Formatu txikiko antzerki saioak taularatuko dira aurtengo ekitaldian, dan-danak, udal aretoan. Aktore bat edo bi ariko dira saio bakoitzean lanean, «antzerkiaren magiaz gozatu eta gozarazten», hainbat diziplinatan: antzerkia, ipuin kontaketa eta txotxongiloak. Arte drama [...]
Artedrama hasteko ordu gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Antzerkigintza oihalaren atzetik ateratzeko prest dago. Apirilaren 9tik 14ra izango da ekitaldia, Aulestiko Udalaren eta Artedrama Euskal Laborategiaren (ADEL) ekimenez. Antolatzaileek diotenez, alde bien ahaleginari esker izan da posible beste urte batez antzerkiak lekua edukitzen jarraitzea Pazko Astean.
Izan be, krisi testuinguruari aurre egiten jakin izan dien topaketak dira aurtengoak. «Bai Aulestiko Udalak, bai ADELek esfortzua egin dugu, kostuak jaitsi arren, kalitatezko antzerki topaketak antolatzen jarraitu ahal izateko», adierazi du Mikel Ansotegi Aulestiko alkateak. Topaketen kontura, Pazko Astean, giro berezia sortzen da herrian udalburuak gogoratu duenez: «Egunero daude ekitaldiak, eta Euskal Herriko txoko guztietatik datorren jendea gure artean ikusteak bizitasuna emoten dio Aulestiri».
Ansotegiren esanetan, Aulesti moduko herri txikiek horrelako mailari eustea zaila da, eta baieztapen horrekin bat dator Ander Lipus aktore eta antropologoa. «Euskal Herri mailan holako topaketa oso gutxi daude; Bizkaian bakarra da, eta Aulestikoa zazpigarrena izateak pisu berezia emoten dio. Oso garrantzitsua da antzerkigintzarentzat orokorrean eta, batez be, antzerkia euskaraz egiten dugunontzat», adierazi du.
Formatu txikiko antzerki saioak taularatuko dira aurtengo ekitaldian, dan-danak, udal aretoan. Aktore bat edo bi ariko dira saio bakoitzean lanean, «antzerkiaren magiaz gozatu eta gozarazten», hainbat diziplinatan: antzerkia, ipuin kontaketa eta txotxongiloak.
Arte drama topaketaren aurpegietako bat da, lanketa oso baten azkan pausoa: landutakoa jendeaurrean erakusteko unea. Antzerkigintza hori baino hurreragotik ezagutu nahi duenak beste aukera bat dauka Aulestin, ostera. Izan be, Aulesti laborategi bihurtzen da Pazko Astean. Aktore, zuzendari eta antzergileei egindako deian, Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenei tokia egiten die, eztabaidak eta alkartrukeak sustatzeko helburuz. «Aspaldi beharrean dabiltzan ikerlari eta sortzaileak egongo dira gurekin irakasle eta solaskide», esan du Lipusek. Izena emoten dutenek, guztira, 48 orduko eskolak jasoko dituzte. Lekuak mugatuak dira, eta aurten be deialdia arrakastatsua izango dela aurreratu du Ander Lipusek, dagoeneko ia danak bete dira eta. «Lea-Artibaitik sekulako erantzun onena egon da. «Lau markinar animatu dira».
VII. Artedrama Topaketak
Apirilak 9, astelehena
Obra: Maitasunaren arbola.
Taldea: Joxe Mari Carrere Disziplina: Ipuin kontaketa. Lekua: udal aretoa. Ordua: 21:00.
Sinopsia: «Ipuin ikuskari honek ibilbide bat proposatzen du munduko kultur ezberdinen mito eta ipuinetan barrena, sexu kontuak ahoan. Gero, erotismoaz hitz egiten hasi zen».
Apirilak 10, martitzena
Obra: Ispilua. Taldea: Aldatzen laguntzen. Disziplina: Antzerkia. Lekua: udal aretoa. Ordua: 21:00.
Sinopsia: «Bi aktore agertokian: antzezlan bat nola prestatzen ari diren ikusten da. Egungo gizartean bikoteak askotan nola alkartzen diren ikusten da, larunbat gau batean alkartzen direnetik, euren bizitzak guztiz zuzenduta ikusten dituzten arte».
Apirilak 11, eguaztena
Obra: Tzimi. Taldea: Traboules. Disziplina: txotxongiloak. Lekua: udal aretoa. Ordua: 21:00.
Sinopsia: «Txontxongilo bat hasten da bizitzen, eta poliki-poliki bere sortzaileari ihes egiten dio. Bien arteko topaketa filosofikoa da, bai, baita be zinez komikoa. Zeinek manipulatzen du bestea? Zer da boterea?».
Apirilak 12, eguena
Obra: Gabriel Gabrielle. Taldea: Atx teatroa. Disziplina: Antzerkia. Lekua: udal aretoa. Ordua: 21:00.
Sinopsia: «‘Lastimea da, batzuk historian zelan edo halan irauteko, edozer egingo luketeela ikustea’. Gabriel Gabriellek gizakiaren kontraesana dakar».
Apirilak 13, barikua
Obra: Gloriaren kantua. Taldea: Khea Ziater. Disziplina: Antzerkia. Lekua: udal aretoa. Ordua: 21:00.
Sinopsia: «Gloria: ‘Orain, nire maitea, joan egin zara, eta kez inguratuta utzi nauzu. Orain, nire maitea, alde egin duzu, eta nire bihotza hutsik dago, eta kez beterik’».
Apirilak 14, zapatua
Obra: Xentimorik gabe. Taldea: Ramon Agirre, Inazio Tolosa. Disziplina: Antzerkia. Lekua: udal aretoa. Ordua: 21:00.
Sinopsia: «‘Ray eta Nick’ bikotea sortu zen garaian, artistak binaka ibiltzen ziren, Guardia Zibilak bezala. Lujoa eta ospea ezagutu dituzte. Gure oroimenean iltzatuta daude».