Igor Esnaola ‘Elortzu’-ri omenaldia egingo dio Danok Bat Pelotazale elkarteak
Igor Esnaola Elortzu gogoan izanda, omenaldi ekitaldia ospatuko da Miruaitz Frontoian, zapatuan, Danok Bat Pelotazale elkartearen eskutik. 22:00etatik aurrera hasiko da ekitaldia pelota eskolako gazteen kinielekin: aurrebenjaminen eta benjaminen partid...
Igor Esnaola Elortzu gogoan izanda, omenaldi ekitaldia ospatuko da Miruaitz Frontoian, zapatuan, Danok Bat Pelotazale elkartearen eskutik.
22:00etatik aurrera hasiko da ekitaldia pelota eskolako gazteen kinielekin: aurrebenjaminen eta benjaminen partiduak ikusiko dira, bai eta txikien eta alebinen artekoak ere. Nahastuta jokatuko dute, Jai-Alai estiloan.
Kinielen ondoren etorriko da gaueko ekimenik sentituena. Esnaolaren sendiari herriaren berotasuna eta esker ona emango diote orduan, «zesta-punta eskolaren alde egindako guztiagatik». Izan ere, Esnaolak eskolari laguntzeko partidua muntatzen lagundu zuen bere garaian. «Desafioa egin zen frontoian, eta jendea kanpoan geratu behar izan zen, kabitu ezinik», gogoratu du Jon Mendizabal Danok Bateko arduradunak. Ekitaldian Esnaolaren lagunek eta Bar Puertokoek ere hartuko dute parte.
Omenaldia amaituta, pala partidua jokatuko da, jaialdiko partidu nagusia: Txals eta Txiki bikotea ziren jokatzekoak Piper eta Txarliren aurka. Txalsek, baina, min hartu zuen entrenamendu batean, eta haren ordez, Joseba Ziñuak lagunduko dio Txikiri kantxan. Lehia estua espero da. «Sasoian zein dagoen ongi ikusiko da partiduan».
Irabazi ala ez, giro ezin hobea espero da Miruaitzen «Igorren eta bere sendiari ongi merezitako omenaldia eskaintzeko».