Lekeitioko lorezaintza zerbitzuko hiru beharginen kaleratzea salatu du ELAk
Lekeitioko Udalak hiru langile kaleratuko dituela salatu du ELAk «subrogaziorako duten eskubidea ez dutelako aplikatu nahi». Zerbitzua publiko bihurtuko badute be beharginak lanpostu horietan jarraitzeko eskubidea izatea exijitu du sindikatuak. ELAK...
Lekeitioko Udalak hiru langile kaleratuko dituela salatu du ELAk «subrogaziorako duten eskubidea ez dutelako aplikatu nahi». Zerbitzua publiko bihurtuko badute be beharginak lanpostu horietan jarraitzeko eskubidea izatea exijitu du sindikatuak. ELAK jakitera emon duenez, langile horiek obra edo zerbitzuko kontratu baten bidez kontratatu zituzten, amaierako datarik gabe Lekeitioko udalerriko lorategietan mantentze-lanak egiteko. «Zerbitzua itzultzean, zeregin horiek udalak burutuko ditu zuzenean, baina zerbitzua ez da amaitzen, eta lorategietako hitzarmenak ezartzen duenez, langile horiek subrogatuak izateko eskubidea dute, harik eta lanpostuak OPE baten bidez behin betiko estali arte», azaldu du ELAk.
Udalaren erantzuna
2008tik FCC enpresa egon da lorezaintza lanak egiten, eta udalak FCCgaz duen kontratua amaitzear dago. Beraz, zerbitzu horren kudeaketa udalak zuzenean eroan nahi du. «Madrilgo gobernu zentraletik ezarri diren murrizketa neurrien ondorioz, ezinezkoa da Enplegurako Eskaintza Publikoa (OPE) edo lanpostu publiko berri bat sortzea. Administrazio publikoei lanpostu egonkor berriak sortzeko aukera debekatu zaie», esan dute. Lekeitioko Udalarentzat, aukera duinena hori izango litzateke. «Lehenengo aukera hori desagertuta, gainontzeko aukera posibleen artean zuzenena bilatzea izan da helburua», diote. Beraz, udalarentzat, lan kontratua bukatu ostean, zerbitzua beste era batera emateko biderik zuzenena lan-poltsa bat eratzea da.