Igor Romerok Circuit de Lorrainen parte hartuko du, «gogo handiz»
Txapelketa maiatzaren 16tik 20ra egingo da eta Romero han egongo da, lehiatzen. Norgehiagokarako gertu eta gogotsu dagoela esan du. «Gogo handiz eta ilusioz joango naiz». Birus baten ondorioz denboraldi baten txirrindua aparkatuta eduki eta gero, Rom...
Txapelketa maiatzaren 16tik 20ra egingo da eta Romero han egongo da, lehiatzen. Norgehiagokarako gertu eta gogotsu dagoela esan du. «Gogo handiz eta ilusioz joango naiz».
Birus baten ondorioz denboraldi baten txirrindua aparkatuta eduki eta gero, Romero indarberrituta dator. «Maiatzaren azkenetan txapelketa bi egiteko asmoa nuen baina taldeko teknikariek eta medikuek prest nagoela esan didate eta ondorioz hilaren 16an, eguaztenean, Circuit de Lorrainen parte hartuko dut».
Entrenamendu luzeak duela bi aste hasi zen egiten mutrikuarra. «Medikuek esan zidaten normaltasunera buelta egin behar nuela eta hori egin nuen».
Dena den, pasatutakoak pasatuta, bere osasun egoeraren jarraipena egiten jarraituko dutela esan diote medikuek. «Komeni da kontrolatzen egotea», dio mutrikuarrak.
Helburua: Lorraine
Lorraineko zirkuitua gora beheratsua dela dio Romerok. «Luxenburgorekin mugan dago eta aldapa handirik ez badu be, ez da guztiz laua». Iaz ere zirkuitu hori egin zuenez, zirkuituaren zailtasun maila ezagutzen duela dio txirrindulari gazteak.
Aurrean duen erronkari ekiteko «gogotsu, indarberrituta eta ilusioz» dagoela dio mutrikuarrak. «Momentuz helburu bat finkatuta daukat eta horri eutsiko diot».