Iazko aurrekontua milioi bat eurotan handitu du Lekeitioko Udalak
Ahal denik eta errealena izateko asmoz, aurreko kitapenetan oinarritutako aurrekontua onartu du Lekeitioko Udalak. Halandabe, iaz baino miloi bat euro gehiago izango ditu aurten, 8.199.676 euro. Partida nagusienak pertsonal gastuetara, ondasun arrunt...
Ahal denik eta errealena izateko asmoz, aurreko kitapenetan oinarritutako aurrekontua onartu du Lekeitioko Udalak. Halandabe, iaz baino miloi bat euro gehiago izango ditu aurten, 8.199.676 euro. Partida nagusienak pertsonal gastuetara, ondasun arrunt eta zerbitzuetara, transferentzia arruntetara eta inbertsioetara bideratuko dira. Azken atal horren baitan hainbat proiektu ditu udalak, eta batzuk aurrera eroateko diru-laguntza batzuk aurreikusi dituzte. Horiek ez balitzateke ailegatuko, hau da, dirurik ez balego, ez liratekeela burutuko jakitera emon dute. Danetara, inbertsioetarako, 1.457.158 euro izango ditu udalak.
Inbertsioen partida nagusienak, Larrotegi auzoa berregituratu eta Santa Rita komentua birgaitzera bideratuko dira. Horretarako, 800.000 euro eta 100.000 euro erabiliko dituzte hurrenez hurren. Horretaz gainera, kale konponketak eta asfaltatze lanak be egingo dituzte Agirre Solarte, Eusebio Maria Azkue eta San Juan auzoetan. Asfaltatze lanek, 54. 750 euroko kostua izango dute. Bestalde, eszenatoki modular bat erosteko asmoa be agertu du udalak. «Bi baditugu, baina txikienak behar asko eskatzen du muntaia egiteko eta premia dagoela ikusi dugu», adierazi dute. Eszenatokiak, 6.000 euro inguruko aurrekontua izango du. Premien arabera, lehentasuna izango dute Larrotegi, Santa Rita eta Harbiatz plazako konponketak eta Sabino Aranako eskailerek. «Eskailera horiek, aurreko obra batzuetako erremateak dira», argitu dute.