LZPri egindako alegazioak onartu ditu Markina-Xemeingo Udalak
Lurraldeko Zatikako Planari aurkeztutako alegazioak onartu ditu Markina-Xemeingo Udalak aho batez. DOT berriak egin bitartean, LZPren behin behineko onarpena atzeratzea eskatu dute. Martxoan, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariekin batzarra egin zuen uda...
Lurraldeko Zatikako Planari aurkeztutako alegazioak onartu ditu Markina-Xemeingo Udalak aho batez. DOT berriak egin bitartean, LZPren behin behineko onarpena atzeratzea eskatu dute. Martxoan, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariekin batzarra egin zuen udalak, eta batzar hartan esan zuten modura, diagnostikoa egiteko erabili diren datuak zaharkituta daudela azaldu zuten udaleko ordezkariek. «Lana eta langabeziaren datuak eta eskolan dabiltzan umeenak 1996koak dira, biztanleriaren datuak 2001ekoak, etxebizitza beharraren inkesta 2000koa, eta nekazaritza eta abeltzaintza datuak 1999koak», zehaztu zuten. Ondorioz, epeak luzatzea eskatu zuten batzar hartan, eta maiatzaren 31 arteko luzapena lortu zen. «Bildukook uste dugu, denbora gehiago behar dela LZP aldatzeko eta behar den moduan egiteko, eta hala iritziz gero, parte hartze prozesu bat zabaltzeko, baina, epea amaitzen ari da», esan zuen Juanjo Txurruka alkateak. Halandabe, DOT berriak egiteko prozesuan daudela jakitera emon dute, eta LZP horretan oinarritu behar dela kontuan izanda, horiek onartu arte, LZParen behin behineko onarpena atzeratzea eskatu dute.