Xabier Aranburu etakidea izateagatik epaitzea eskatu du Parisko Fiskaltzak
Parisko Fiskaltza antiterroristak adierazi du ikertzaileen datuen arabera ezin dela esan Oroitz Gurrutxaga Gogorza (Errenteria, 1981) ETAko talde militarreko burua zenik eta, ondorioz, ez dutela ETAko agintari gisa epaitzeko eskatuko. Haren arabera, e...
Parisko Fiskaltza antiterroristak adierazi du ikertzaileen datuen arabera ezin dela esan Oroitz Gurrutxaga Gogorza (Errenteria, 1981) ETAko talde militarreko burua zenik eta, ondorioz, ez dutela ETAko agintari gisa epaitzeko eskatuko. Haren arabera, etakide izatea leporatuko diote.
Gurrutxaga eta Xabier Aranburu Sagarminaga (Ondarroa, 1979) ustezko etakideak Parisen dauzkate asteartetik, epailearen aurretik pasatzeko. Igandean atzeman zituen Frantziako Poliziak, Caunan (Akitania). Atxiloaldia gehienez ere 96 ordukoa izaten da Frantziako Errepublikan.
Ustez auto batean zihoazela atxilotu zituzten. Autoak matrikula faltsua zeukala esan zuen Poliziak, eta biek armak zituztela.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Aranburu estraditatzeko eskatu dio Frantziari, ustezko delitu kasu batzuengatik. Segi gazte erakundeko kide izatea eta 2000-2005 artean kale eraso batzuetan parte hartzea egozten diote, batetik. Ondoren, ETAko Kresala komandora pasatu zela dio auzitegiak, eta erakundeak 2005ean Avilan (Espainia) egindako atentatu baterako furgoneta bat utzi izana.
Gernikako Akordioak atzo prentsa ohar bidez dei eginda, gaur, 20:00etan atxilotuen askatasuna eskatzeko manifestazioa egingo da Alamedatik urtenda, 20:00etan. Aurretik, 19:00tan, Gernikako Akordioagaz bat egin zuten herriko eragileek agerraldia egingo dute.