Euskal ezkontza antzeztuko du domeka eguerdian Gora Buru Kultur Elkarteak
Orain dela 36 urtetik etenik izan ez duen euskal ezkontzak Lekeitioko kaleak zeharkatuko ditu domekan. Ezkontzako lagun taldeak 12:00etan irtengo du Batzokitik, eta Mollan behera, plazaraino joango da kalejiran. Notarioak ezkontza agiria irakurriko du ...
Orain dela 36 urtetik etenik izan ez duen euskal ezkontzak Lekeitioko kaleak zeharkatuko ditu domekan. Ezkontzako lagun taldeak 12:00etan irtengo du Batzokitik, eta Mollan behera, plazaraino joango da kalejiran. Notarioak ezkontza agiria irakurriko du plazan eta ezkontideek egiten dituzten ekarpenak azalduko dituzte. Ondoren, herrian zehar kalejiran jarraituko dute Batzokira arte. 30 bat bikote izango dituzte lagun, aurten ezkontideek, eta eurekin batera ibiliko dira Lekeitioko kaleetan zehar Iturengo Joaldunak eta Alurr Dantza Taldekoak be.
Asteburuko ekimen nagusiena euskal ezkontza bada be, antzerki eta dantza ikuskizunak be antolatu dituzte Gora Buru elkartekoek Euskal Jai oso bat eskainiz. Zapatuan, Bapatean Zirko taldearen Taberna izeneko antzerki ikuskizuna egongo da plazan 12:30ean, eta Alurr Dantza Eskolako dantzariek Izanak dantza ikuskizuna egingo dute plazan domekan 19:00etan.