Estatuaren gehiegikeriak eragindako biktimen dekretuaren bidez, kalte ordainak jasoko ditu Antxone Telleria lekeitiarrak
Estatuaren gehiegikeriak 1960. eta 1978. urteen artean eragindako giza eskubideen urratzeen biktima batzuei behintzat egindako mina aitortu eta kalte-ordainak emateko Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretua indarrean da. Hilaren 20tik aurrera, zabalik dago ordainak eskatzeko aukera. Antxone Telleria lekeitiarra izango da ordain horiek jasoko dituztenetako bat. Antxone Telleria ia hiltzeraino jipoitu zuen Guardia Zibilak 1977an, eliza bateko itxialditik aterarazita. Aitorpena «oso-oso berandu» etorri arren, eskertzen du. Baikor izan nahi du Antxone Telleriak (Lekeitio, 1956). Gauza txarrak, minak, sufrimendua, ahazteko joera du; garrantzia gehiegirik eman gabe gordeta uztekoa. Baina ahaztuegi sentitu da 35 urteotan. Baztertua. Ez aitortua. «Abusatua». 1977an guardia zibilek burezurra eta aurpegia hautsi zikiotenetik berekin daramatza minak; fisikoak eta ikusi ezin direnak. Jasan zuen jipoiaren ondorenek bere horretan jarraitzen dute. Ondorio fisikoei medikuntzaren eta pazientziaren laguntzaz aurre egiten saiatzen da. Sentimenduzkoak gainditze aldera, bide onean ikusten du Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako dekretua. Beranduegi datorrela dio. Gabeziak dituela. Baina begi onez begiratzen dio neurriari: «Lehenengo pauso bat da». Alde onena «hasi egin direla, mugitu egin direla» dela dio. «Ausardia» aitortu dio hargatik Jaurlaritzari, jarraipena izango duen bidearen lehen urratsa besterik izango ez den esperantzarekin. 21 urte bete zituen egunean etorri zitzaion Telleriari bizitza aldatu zion gertaera: 1977ko otsailaren 26an. Mugimendu handiko garaia zen, [...]
Estatuaren gehiegikeriak 1960. eta 1978. urteen artean eragindako giza eskubideen urratzeen biktima batzuei behintzat egindako mina aitortu eta kalte-ordainak emateko Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretua indarrean da. Hilaren 20tik aurrera, zabalik dago ordainak eskatzeko aukera. Antxone Telleria lekeitiarra izango da ordain horiek jasoko dituztenetako bat.
Antxone Telleria ia hiltzeraino jipoitu zuen Guardia Zibilak 1977an, eliza bateko itxialditik aterarazita. Aitorpena «oso-oso berandu» etorri arren, eskertzen du.
Baikor izan nahi du Antxone Telleriak (Lekeitio, 1956). Gauza txarrak, minak, sufrimendua, ahazteko joera du; garrantzia gehiegirik eman gabe gordeta uztekoa. Baina ahaztuegi sentitu da 35 urteotan. Baztertua. Ez aitortua. «Abusatua». 1977an guardia zibilek burezurra eta aurpegia hautsi zikiotenetik berekin daramatza minak; fisikoak eta ikusi ezin direnak. Jasan zuen jipoiaren ondorenek bere horretan jarraitzen dute. Ondorio fisikoei medikuntzaren eta pazientziaren laguntzaz aurre egiten saiatzen da. Sentimenduzkoak gainditze aldera, bide onean ikusten du Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako dekretua. Beranduegi datorrela dio. Gabeziak dituela. Baina begi onez begiratzen dio neurriari: «Lehenengo pauso bat da». Alde onena «hasi egin direla, mugitu egin direla» dela dio. «Ausardia» aitortu dio hargatik Jaurlaritzari, jarraipena izango duen bidearen lehen urratsa besterik izango ez den esperantzarekin.
21 urte bete zituen egunean etorri zitzaion Telleriari bizitza aldatu zion gertaera: 1977ko otsailaren 26an. Mugimendu handiko garaia zen, eta Amnistiaren aldeko astea zen Euskal Herrian. Eliza askotan itxialdiak egin zituzten ehunka herritarrek. Lekeitiokoan izan zen Telleria. Lasai zegoen protesta, goizaldean parrokoa «abade gazte batekin» joan zitzaien arte. Guardia Zibila kanpoan zela eta elizan edozein momentutan sartuko zirela esan zien. «Ez zuten denbora askorik behar izan», dio. Protestariak lo zakuak eta beste gordetzera joan, eta, konturatu orduko, eliza barruan zen Guardia Zibila.
Oso lausotuta du oroimena Telleriak, eta berak jasandako erasoa nola gertatu zen ez duela gogoratzen dio. Gehiago daki kontatu diotenetik oroitzen duenetik baino. «Termo bat dut gogoan; termoa gordetzera joan nintzela. Aita mariñela zen, eta aitak ekarritakoa zen termoa; horixe gogoratzen dut. Baina ez dut oroitzen zer gertatu zen».
«Lekeitioko elizak badu atzean ate bat sakristira doana, eta badirudi Guardia Zibila handik sartu zela». Itxialdian zirenei ate nagusitik ateratzeko agindu zieten, eta hala egin zuten. «Atean korridorea eginda zeukaten eta jendea jipoitzen hasi ziren». Kanpoan guardia zibil gehiago zeudela, «jendea korrika batean» zegoela eta inguruko tabernek herritarrei babes emateko ateak zabaldu zituztela oroitzen du.
Senideek, bat batean begibistatik galdu zutela kontatu diote. Haren bila ibili zirela, eta ez zutela aurkitzen. «Badirudi abadeak eta Lekeitioko emakume batek eliza barrura sartu nindutela. Anbulantzia deitu zuten. Lekeitioko anbulategira eraman ninduten lehenengo, eta handik Gurutzetara». Gurutzetako Ospitalean «arin arin egindako justura» egin ei zioten; «antza, ez nengoen operazio bat jasateko egoeran».
Zaintza Berezietako Unitatera eraman zuten. Han luzaro egon ondoren, kirurgia alorrera igaro zuten. Plastikara handik. «Nik lehen gomuta plastikan nengoenekoa dut». Ez daki zenbat denbora igaro zuen konorterik gabe ordura arte. 35 urte hauetan uko egin dio denborak, ospitaleratzeak eta ebakuntzak zenbatzeari; zauri larriek bizitza zenbateraino baldintzatu dioten gogoan izateari. Izan ere, kontzientziarik gabe pasatako lehen hilabete horiek baino gogorragoak egin zaizkio hurrengo urteetan ospitalean egin beharreko egonaldiak, joan-etorriak, ebakuntzak. «Urte luzetan» ibili da astero-astero ospitalera joaten.
Ia heriotzera eraman zuten kolpeak «nondik etorri ziren» ez daki. Baina burezurra hautsi zioten; aurpegi masaileko hezurra ere bai. Ezkerraldekoa. Argazkiak ateratzerako, badaki zein den bere «alde ona». Eskuinaldea erakusten saiatzen da. Dozenaka operazioek ez dute lortu «erorita» duen begizuloa bere lekura erabat eramatea. Diplopia gaitza ere utzi dio: «Ezkerretara edo gora fijo begiratzen badut doble ikusten dut».
Begia ezin itxi urteak egin ditu eta horrek infekzio ugari eragin dizkio. Oraindik ere, kosta egiten zaio erabat ixtea. Kaltea konpontzeko ahaleginetan, aldakatik hezur zatiak kendu dizkiote, matrail hezurrean itsasteko. «Zati handiak». Mokorretik kendutako zatiak utzitako hutsunean tumorea sortu zitzaion. Oraindik orain, sasoi «oso oso txarrak» izaten ditu lantzean behin: ziztada handiak aurpegian eta mugitu ezina hanka «arrastaka» eraman behar izateraino, besteak beste.
Minik handiena
Duela 35 urte jasotako jipoiak utzi dizkio gaitz horiek guztiak. Gertatutakoari ez dio buelta gehiagorik eman nahi, baina instituzioek urte guzti horietan izandako jarrerak minduta du. «Biktima berba» ez zaio «gustatzen». Ez da erabat identifikatzen izendapenarekin: «Nik bakarrik nahi nuen errekonozitzea txarto dagoena, egin zutena». Horregatik sentitu da «abusatua»; «ez bertan, momentuan bakarrik. Abusatua 35 urteotan, inork ez duelako onartu gertatutakoa. Herriko jendeak eta bai, baina ofizialki, instituzioetatik, inork ez du onartu».
Zentzu horretan, urtetan egin diren bereizketak gaitzetsi ditu. «Gu ez ginen bigarren mailakoak ere; gu ez ginen ezer». Eta, azken urteetako aitortza ezak mindu du bereziki: luzaro abertzalea izan den Jaurlaritza «sekula inguratu ez» izanak, «inolako pausorik» eman ez izanak.
Orain dekretua «oso oso berandu» etorri arren, Jaurlaritzari adorea aitortu behar zaiola uste du. «Ondo dago, noizbait iritsi behar zuen». Errekonozimenduari berari eman dio balioa; mina aitortzeari. «Denok garela pertsonak». Eta, «onena», lehenengo pauso bat dela da, bere ustez. Bide bat ibiltzen hasi dela, nahiz eta, Telleriaren hitzetan, hankamotz dagoen, eta asko dagoen oraindik egiteko. «Asko».